Untza Derioko mendi-taldeak antolatuta, mendi-segurtasunari buruzko hitzaldia izango da eguenean, apirilak 25, Kultur Birikan. Hitzaldia 18:30ean hasiko da eta Zigor Egiak zuzenduko du. Egia Euskal Mendizale Federazioko presidentea eta Segurtasun Batzordeko kidea da. Derioko Udalarekin lankidetzan antolatutako ekintza da.
Garrasia Sondikako talde feminista lanean ibili da herriko puntu beltzak identifikatzeko. Talde feministak batzar irekira deitu zuen biharko, apirilak 4, lanaren emaitzak aztertzeko. Hala ere, gizarte-sareen bidez jakinarazi dutenez, batzarra dataz aldatu, eta apirilaren 26an egingo dute, 19:00etan, Sondikako txokoan. Batzar mistoa izango da eta hara edonor gerturatu daiteke. “Puntu beltzen inguruko informazioa emango dugu, eta inkestan ateratako kaleak eta guneak aztertuko ditugu elkarrekin”.
Lezamako Udalak, Moreak talde feministak eta berdintasun kontseiluak autodefentsa feminista tailerra antolatu dute apirilaren 27rako. Tailerra 16 urtetik gorako emakumeentzat da eta Kultur Aretoan egingo dute 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Izena ematea apirilaren 22ra arte egin daiteke 688 654 649 telefono-zenbakira deituta edo berdintasuna@txorierri.eus helbide elektronikora idatzita.
Euskal Herriko berbalagunek eta mintzalagunek hitzordua dute apirilaren 28an Erandion, aurten Mintza Eguna bertan ospatuko da eta. Izena ematea apirilaren 21era arte egin daiteke www.mintzalaguna.eus webgunean. Nolanahi ere, Txorierriko Berbalagun egitasmora jo daiteke informazio gehiagorako: berbalagun.txorierri@gmail.com eta 747 447 579.
Umeentzat Lanean Lezamako gurasoen elkarteak irteera antolatu du maiatzaren 1erako. Zehatz-mehatz, Calahorrara joango dira, Tierra Rapaz parkea ezagutzera. Azaldu dutenez, gehienez 59 lagunentzako tokia egongo da eta izena emateko azken eguna apirilaren 25ean izango da. Informazio gehiagorako jo daiteke lezamakogurasoak@gmail.com helbide elektronikora.
Loiuko Bakarrak gazte-elkarteak antolatuta, maiatzaren 4an ospatuko da Gazte Eguna Loiun. Aurreko edizioetan moduan, egun osoko egitaraua prestatu dute herriko zein inguruko gazteek ederto pasatu dezaten. Eguna hasteko, sormen-tailerra egingo dute 12:00etatik aurrera, eta 13:30ean triki-poteoa egongo da. Gazteen bazkaria 15:00etan izango da, eta bertan parte hartzeko, 686 256 854 telefono-zenbakira idatzi behar da. Menu beganoa nahi bada edo intolerantziarik izanez gero, hori ere zehaztu behar da. Sakatu elektrotxarangak Loiuko bazterrak girotuko ditu arratsaldean, eta kontzertuak 23:00etan hasiko dira: Nazka, Steady Rockets eta Amooma.