Musikaren aro berria, Txorierrin

Aikor aldizkaria 2017ko urt. 4a, 08:40
a: Igor GarcĂ­a

Azaroaren 26an, Txorierriko Baserri Antzokiak eszenatokia estreinatu zuen lehen kontzertuarekin. 23:00etan, Moikave rock blues taldeak ordu eta erdiko kontzertua eman zuen ohol gainean. Rock-blues power hirukoteak inauguratutako kontzertuak ateak zabaldu dizkie Txorierriko musika taldeei.

Txorierri haran musikazalea bada ere, bertako taldeek faltan botatzen zituzten mugarik gabe jotzeko aretoak. Tabernak egon badaude, baina, libre jo ahal izateko, kafe teatroaren lizentzia behar dute, eta horrek, sekulako kostua izateaz gain, tabernetan obrak egitea dakar. Urriaren 5ean, Baserri Antzokiko ateak zabaldu ziren eta, ostalaritza zerbitzua eskaintzeaz gain, musikari mugagailua kendu dio.

Eszenatoki erraldoia, soinu teknikari paregabea eta egurrezko barrutiak eskaintzen duen akustika paregabea: “Benetan eskertzekoa da Baserri Antzokiak eman dizkigun erraztasunak. Pozik bueltatuko ginateke bertara jotzera”, adierazi dute Moikave rock-blues taldeko indiarrek. Derion Txorierriko Mankomunitatearen Larrabarri baserria dago, eta bertatik igaro dira Txorierriko talde gehienak. “Ez dago zertan harana goitik behera arakatu gure herrietako musika taldeak topatzeko”, azaldu du Moikaveko baxu jole Jon Goikouriak. “Makina bat estilo jorratzen dira Txorierrin, rapetik rockera. Begiak irekitzea baino ez dago”.

Bai bertokoak, bai kanpotarrak izan, Baserri Antzokiko musika parrila kudeatzeaz arduratzen diren Gaizka Sainz eta Gorka Urrutia ostalariek argi dute: bertako eta kanpoko musika taldeei bultzada eman nahi diete, eta proiektu honekin duela gutxi hasi badira ere, asmo handiko proiektu musikala eskaini nahi dute: “Gure asmoa hilean behin kontzertu potoloa eskaintzea da, haraneko gonbidatuen laguntzarekin”, azaldu du Gaizkak. “Izugarri gustatuko litzaidake, horretaz gain, asteburu guztietan bestelako taldeen kontzertuak eskaintzea: sarrera txiki baten truke bizpahiru kontzertuz gozatzeko”. Horren truke, antzokiak sarreren bidez lortutako dirua eta bestelako zerbitzuak eskainiko dizkie taldeei: “Eszenatoki handia, soinu-teknikaria, afaria eta taldeen promozio zerbitzua sare sozialen bidez”, azaldu du Gorka Urrutiak.

Etorkizunari begira, Baserri Antzokiak jaialdi txikiak eskaintzeko aukera aurreikusten du jada: “Uda momentu ezin hobea da terrazan kontzertuak eskaintzeko, eta bestelako ekintzak egitearen aldekoak gara”, azaldu dute ostalariek.

 

Rockaren azken indiarrak

2014an jaio zen Rock Blues taldea izan da Baserri Antzokiko musika eskaintzari hasiera eman ziona azaroaren 26an. Power hirukoteak La Fiebre del Oro Negro bigarren diskoa aurkeztu zuen bertan, 40 pertsonaren aurrean: “Suzko proba izan zen: Baserri Antzokiko lehen kontzertua izan bazen ere eta probetan ibili baginen ere, uste baino jende gehiago hurbildu zen gurera larunbatean”, adierazi du Gaizka Sainzek: “Areto handia eta sabai altukoa izan arren, kontzertuak soinu oso ona izan zuen eta giroa izan zen bertan”.

Bi orduko kontzertua eskaini zuen Santanderko David Moikavek (ahotsak eta gitarra), Santutxuko Ibai Velázquezek (bateria eta ahotsak) eta Sondikako Jon Goikouriak (baxua eta ahotsak) osaturiko formazioak, 60ko eta 70eko hamarkadetako rock-blues estilokoak gehienbat. Kontzertuan, Hora Magora lehen diskoko eta atera berri duten La Fiebre del Oro Negroko abestiak entzun ahal izan ziren. Lehen kontzertu honetan 40 pertsona hurbildu ziren, den-denak Txorierrikoak eta ingurukoak.

 

info gehiago: www.moikave.com

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).