Ahaldun nagusia herritarrekin batuko da Derion

Aikor aldizkaria 2017ko api. 11a, 13:21

Bizkaiko Foru Aldundiak topaketak antolatu ditu Bizkaia mailan, Unai Rementeria ahaldun nagusiaren eta herritarren artean. Topaketak Derioko Kultur Birikan egingo dira apirilaren 27an. Edozein herritarrek dauka bilera horretara joateko aukera, aldez aurretik Aldundiarekin harremanetan jarriz gero. Rementeriak aurkezpena egingo du bertan eta ondoren, parte-hartzaileek, mahaietan banatuta, kezkak eta iradokizunak zabaldu ahal izango dituzte. “Batetik, herritarrei eman nahi dizkiegu kontuak; bestetik, bizkaitarrek zer esan nahi duten entzun nahi dugu, gertutasunez. Era berean, parte-hartzaileak anitzak izatea nahi dugu: emakumezkoak, gizonezkoak, langabetuak, langileak, gazteak, nagusiak, elkarteak, norbanakoak…”, azaldu dute Foru Aldunditik. 

Aldundiak bizkaitarron parte-hartzea bultzatu nahi du eta, horretarako zabaldu zuen “Zurekin Bizkaia eraikitzen dugu. Iritzia eman, parte hartu, ekin” leloa duen kanpaina. Azarotik hona zortzi bilera egin dira eta bederatzigarrena Derion izango da. Azkena, Busturialdean egingo dute. Rementeriak berak Foru aldundiaren webgunean esan duenez, topaketak antolatu dira “egiten ari garena eta egiten ari ez garena kontatzeko eta herritarrek esan nahi digutena aintzat hartzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).