Uraren ibilbidea

Jose Angel Mentxaka 2017ko ots. 9a, 11:08

Behin Erandioko Goierriko mendietatik oinez nenbilela, baso sakonean harrizko eraikuntza berezi batzuekin egin nuen topo. Camboyako Angkor  edo Mexikoko oihanetatik joanda tenplu Maya bat aurkitzea besteko zirrara eragin zidan. Zer ziren? eta zer egiten zuten goroldioz erdi estalitako harrizko etxola horiek han? Baina, lasai, ez dute milaka urte, zeren bertan, 1914-1915 urteak agertzen dira. Beraz ehun urte “besterik” ez dituzte. Ospatu beharko.

Lekua Urederra izenagaz ere ezaguna da eta harrizko depositu horiek inguruotako urak Getxoraino eroateko eginda daude. "Aguas de Guecho - Urederra - 1914 - 1915 " agertzen da harrian zizelkatuta. Erandioko Unbe eta Goierri arteko urak Ugarte-Martiartutik Getxoraino eroateko obra itzela da.

Hauek ikusi ahal izateko, eta gehiago, ondorengo ibilbidea da proposatzen dudana, “Uraren ibilbidea” . Loiutik Unbera doan errepidean, Akarlanda pasatu ostean, Andramariturriko aparkaleku handian hasi eta 7 kilometroko oinez egin ostean bertan amaitu.

 

1. Andramariturri. Garagardotegi ondoko landatik oinez hasi eta eskumatara, pinu artetik, doan lehen pista hartu beherantz. Berehala eskuinaldean, metro batzuetara dago “Andramari Iturri”a. Garai baten asko etortzen ziren honaino, bertako ura etxera eroateko,  oso ona zelakoan. Gaur egun egoera negargarrian dago.

2. Azkaiturri erreka.

Itzuli pistara, eta behera. Utzi lehen eskuineko bihurgunea eta aurrera, bigarren bihurgunean bide nagusia eskuinera egiten duen arren ezkerretara jo. Eta kontuz, urrats batzuk egin ostean estrata  ixten doa baina eskuinean nahiko zapaldutako bidezidor bat dago aldatza behera. Hori hartu eta pinuditik jarraitu bidea imajinazio apur bat erabiliz. Helburua errekara heltzea da, Azkaiturri izenekoa. Enbor edo harrien gainetik gurutzatu eta hormigoizko pista agertuko da.

3. Mahastitzarra.

Laster helduko gara mahatsondo handi batera, ez da ura, baina mahats hauen mostoa erabiliz txakoli gozoa egingo da. Ezkerretik mahastia  inguratu eta gora egin. Goian, nekea apur bat arintzeko gelditu eta gozatu bistak, Ganekogorta, Eretza, Trianoko mendiak, Serantes, itsasoa... Aurrera egin lurrezko pistatik eta gomazko pneumatiko handi bat aurkitzean ezkerretara. Mendixkako tontorretik joango gara une batean, eukaliptu handi batzuk aurkitzean, bidexkak behera egingo du, eskuin-ezker lehen ur depositua aurkitu arte.

4. Ur deposituak

Lehenean gelditu eta... begiratu barru aldeko urak, kanpoaldeko inskripzioak, goroldioak... Ezkerretara eginez, ekialdera, baso itxian, laster beste depositu bat aurkitzen da, eta apur bat urrunago beste bat. Pentsatu goazen azpikaldetik ura doala eta aldapa gutxi izan behar duela, beraz altura mantendu. Bide beretik itzuli lehen ur deposituraino.

5. Baso ederra.

Ur deposituaz gain badago zertaz gozatu inguru honetan. Landatutako eukalipto eta pinuen altuerak ikusgarriak dira, zuzen-zuzenak zeruraino. Baina badagoz ere, gaztainondoak, haritz zaharrak, lizarrak... Hezetasuna handia da urte osoan eta urtaroaren arabera koloreak oso ezberdinak, udaberri eta udazkenean joateko aproposa.

6. Harrizko eraikuntza gehiago

Orain mendebalderantz jo. Bide osoan harrizko "arketa" antzekoak aurkituko dituzu eta bi zubi dotore. Lehena txikiago bigarrena baino. Gainetik ondo pasatu daitekeen arren, ez dagoz hor zubiarenak egiteko, ur tutua trokaren beste aldera eroan ahal izateko baino.

7. Ugarteko dorretxeak eta azken ur depositua

Aurrera jarraituz etxe batera heldu eta asfaltatuko bidera irtengo gara. Ugarte auzoan gaude. Laster gaur egun nahiko desitxuratuak, bi dorretxe izandakoak, bata kartzela ei zen. Hauek pasatuta utzi asfaltoa ezkerretara doala eta hartu eskuineko pista. Han beste ur depositu bat aurkitzen da, handiagoa baina harrizkoa ere.

8. Martiartuko dorretxea eta itzulia

Pista jarraitu eta txabola baten hesiak ezkerretik igaroz, belar landa politatik errekara helduko gara, hormigoizko zubi zabala aprobetxatuz gurutzatuko duguna. Berriro asfaltatuko bidea, ezkerretara jarraitu eta laster Martiartuko dorrea eta San Antonio ermita ikusiko ditugu. Dorretxea mendi artean bakartuta dagoela eman arren, Getxo eta itsasoa ez daude oso urrun.

Itzulia errepidetik egingo dugu, kirol-kluba eta txaleten artetik doana hasieran. Ura erabiltzen zuen errota izandako baserria ezkerretara utzi eta laster ezkerreko bidea hartu, lehenago egon garen Ugarte auzora doana. Baina berandu baino lehen eskuinera egin eta aldapa gora Andramariturrira, hasi garen lekura, helduko gara.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).