Elkarlanean egin dugu KORRIKA

Erabiltzailearen aurpegia Belen Gana 2017ko mai. 3a, 10:35
Belen Gana, Txorierriko AEK Txepetxa euskaltegiaren zuzendaria

20. KORRIKA ikaragarria, itzela, mundiala izan da. Inoizkorik jendetsuena. Zorionak eta eskerrak emateko ordua da eta egindakoa baloratzeko momentua. Euskarari eta AEKren egoerari bultzada bat emateko, 70eko hamarkada amaieran asmatu zen ekimen zoragarri hau eta gaur ere, oraindik, behar-beharrezkoa dugu.

Alde batetik, dirua biltzeko asmatu zen KORRIKA. Gaur egun ere AEK-k dirua beharrezkoa du; izan ere, Euskal Herri osoko erakundea gara eta lekuan lekuko egoera administratiboen menpe gaude. Ez dezagun ahaztu euskara ez dela ofiziala bere eremu osoan eta ofiziala denetan ere oraindik bide luzea dagoela doakotasuna lortzeko. Bitartean, gure ikasleek diru-laguntza xumeak jasotzen dituzte, sarritan gainontzekoek baino baldintza zorrotzagoak bete behar izaten dituztelarik. 

Beste alde batetik, KORRIKA euskararen aldekotasuna bultzatzeko ere sortu zen. Duda barik, KORRIKA euskararen aldeko ekimen zirraragarria da, positiboa,  jendea erakartzen duena, biltzen duena, mugiarazten duena, jendea euskara ikastera eta egitera animatzen duena. Horregatik guztiagatik, Edurne Brouard gure lankideak dioenez, "Korrika egon ez balitz, asmatu egin beharko zen".

Hasiera-hasieratik, jendeak KORRIKAren balioa ikusi, ulertu eta babestu egin du. Eskertzekoa da benetan babes hori, eta bereziki herrietako Korrika batzordeek egindako lan eskerga (hainbat batzar eginez, herriko ekimenak prestatu, babestu, ardurak banandu, korrika lagun egin, kilometroen zaintzak egin, ekimenen lanak prestatu eta aurrera atera, propaganda ipini eta kendu...)

Era berean, herrietako hainbat elkarte eta instituziok ere babestu du 20. KORRIKA.

Aurtengo edizioan elkarlana azpimarratu gura izan dugu, eta horren adibide izan da Santiago zubian egindako kilometroak irudikatu zuena.

Gurera ekarrita, elkarlana irudika dezakegu herriko ekimenak finantzatzeko Udalen ekarpenetan, eskolek  antolaturiko KORRIKA Txikietan eta Loiuko Udalak egindako ahaleginean, lehen aldiz herriko ikastetxeak elkartu eta mila ume inguruko KORRIKA Txikia antolatzeko lanak burutu baitzituen.

Txorierrin KORRIKAk lortu du jendearen eta instituzioen babesa, orain eskualdean ikasleen babesa handiagotzeko bideak jorratu beharko ditugu.

 

Erlazionatuak

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).