Korrika, lasterketa luzea

Erabiltzailearen aurpegia Ines Serrano, Filosofian lizentziaduna 2017ko mar. 30a, 10:34
Ines Serrano, Filosofian lizentziaduna

Badator, bai, gure Korrika maitea, Euskal Herriko hainbat herri zeharkatuko duena, hainbat jende batu, hainbat gogo piztu eta berpiztuko dituena. Ez da erraza urte luze hauetan lortu dituen indarra edo sendotasuna, eta esan daiteke, besteak beste, indarra eta sendotasuna direla euskararekin aurrera egiteko ezinbesteko baldintzak, hasieran behintzat. Izan ere, Karmelo Ayestak dioen bezala, ohitura aldaketak eta hobekuntza pertsonal guztiak antzeko prozesuen bitartez burutu daitezke; kirolari bihurtzeko bidea, erretzeari uztekoa eta euskaldun bilakatzekoa ez dira hain desberdinak.

Lasterketa luzeetan jabetzen gara prozesu horrezaz. Hasieran gogoz beterik hasten gara entrenatzen gimnasioan, helburua erabat betegarria delakoan, eta ilusio itzelez ekiten diogu bideari. Baina bide hori ez da beti oso erosoa, ondoan ditugun bidelagunek ez dutelako askorik animatzen, egun txarretan ere jardun egin behar delako. Orduan gure alde ahulak agertzen dira, eta eguraldi euritsuaren pean gabiltzan bitartean etxeko sofa botatzen dugu faltan, alferkeria goxoan egoteko denbora, eta gure buruari galdetzen diogu ea benetan merezi duen hainbeste ahalegin, ea azken finean behar-beharrezkoa den benetan hartu dugun lan guzti hori.

Baina gero atseden apur bat hartzen dugu, eta ingurura begiratuz, lanari neurria hartzen diogu, bidelagun berriak topatu… Konturatu gabe, disfrutatzen hasten gara ordura arte derrigorrezko ariketa baino ez zen ekimena. Bai, sasoian gaude jada, ez gara ahalegindu behar erritmoa mantentzeko, mugimendua eta abiadura berez irtetzen zaizkigu bide leun, harritsu edo aldapak zeharkatzeko gai gara, eta gustora gainera…

Hizkuntzak ikasi, berreskuratu edo lantzeari dagokionez, kiroletan ez bezala, ez dago mugarik. Zenbat eta gehiago jakin eta jardun, gero eta hobeto egiten dugu berba, berarekin jolasteko aukera gehiago aurkitzen ditugu; hiztun mota desberdinekin harremanetan, berriz, inoiz baino aberatsagoak gara. Eta horrela izango da beti, adina edozein dela ere. Berbak eta berbetako erabilerak, gorpurtzak ez bezala, infinituak baitira.

Jarrai dezagun, bada, betiereko korrika honetan, inoiz lotu barik, lagunen arteko lasterketa luze, goxo eta emankorrean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).