Jatabeko abadea, medikua, idazkaria eta astoa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Goikoetxea 2017ko api. 12a, 10:23
a: Aritz Albaizar

Anekdota hau aspaldian gertatu zen. Aldi hartan, ez zen behar Google maparik, astoak ondo ezagutzen zituen bide-zidorrak-eta. Jataben –Jata mendiaren magaleko herrian– gaixotu egin zen Mau­ri errotaria, eta Begoña emaztea me­dikuaren bila abiatu zen urira. Zoritxarrez, doktorea musean jokatzen aurkitu zuen taldean, abadearekin eta udal-idazkariagaz batera. Orduan, iluntzea zenez, urruneko errotara laguntzeko eskatu zion osagileak apaizari.

Igo dute biek asto gainera, abadea au­rrean, medikua atzean, eta hor doaz tipi-tapa, astoaren belarrietarako arrotz di­ren hitzak aipatuz: psikologia, parabola, gastritis kronikoa, eta abar. Kon­tua da, euri zaparraden ondorioz, erreketako urak handi direla. Halako ibai bat gurutzatzerakoan, astoari sakon sartu zitzaizkion aurreko hankak erreka bazterreko basartean. Belarri luzedunak pentsatu du: “Ai ene! Ni ez naiz anfibioa gero!”. Hala ere, ez du protestarik egin, abade bedeinkatua eta doktore jakintsua daramatza biz­kar gainean-eta. Medikuak, berriz, sen­do oratzen dio apaizari gerritik, esanez: Ene badatxua, nirea izan da! Kosme eta Damian santuok, lagundu! Egoera apokaliptiko horretan, apaiza begiak zerura jasorik Aita Gurea errezatzen hasi da. Eta doktoreak ahots dardartiz dinotso: Jauna ez beza otoitzik egin berorrek ze, astoa belauniko jartzen bada, hirurok itoko ga­ra.

Dena dela, ez dakigu Mauri errotari gaixoa osatu zen ala ez. Badakigu, medikuak sendatu ez bazuen, abadeak be­dein­katuko zuela zerurako bidaian.

 

(*) Ahozko moduan esaten dana, letra baltzez doa

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).