Etxahun Lekue, txapeldun!

Aikor aldizkaria 2016ko abe. 19a, 11:45
Etxahun Lekue

Gazte larrabetzuarrak Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketaren 2016ko edizioa irabazi zuen, Xabat Galletebeitiarekin buruz burukoa jokatu ostean. “Poztasun handia sentitu dut. Ez da nire buruari derrigorrez jarri diodan helburua. Txapel barik bertsolari on asko egon ziren bertan. Txapela baino, jendearengandik jaso dudanarekin geratzen naiz”, azaldu digu Etxahunek. Hurrengo postuak Jone Uria, Onintza Enbeita, Ibon Ajuriagojeaskoa, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza eta Beñat Ugartetxearentzat izan ziren. 

 

Giro izan zen Bilbao Arena aretoan. 20-30 urte inguruko gazteak nagusi izan ziren harmailetan, giro sanoa bultzatuz. Bertsozale elkartearen arabera, guztira 4.150 bertsolaze hurbildu ziren Miribillara zortzi bertsolariren lehia ikustera. “Giro ederra bizi izan genuen bertan. Aretoa ederto txukunduta zegoen. Formatua oso aproposa: eszenatokitik oso hurbil sentitu genuen jendea: lehenengo lerroak bertan daude, eszenatokia nahiko baxua da… hurbiltasun sentsazioa ematen du”, azaldu du larrabetzuarrak. Atal puntugarriak bete ostean, Lekuek eta Galletebeitiak aurrez aurrekoa jokatu zuten, honako markak eskuratuz: Zortziko Txikian, 127 eta 120; Seiko Motzan, 127,5 eta 117,5; eta Kartzelan, 125 eta 100,5. B Atala bukatu ostean, Xabier Amurizak txapela jantzi zion Lekueri. Etxahun zuhur aritu zen, akatsik gabeko joko logikoa landuz, nahiz eta hasierako frogan bere buruarekin eroso sentitu ez: “Hasierako fasean oso lotuta egon nintzen. Ez nintzen batere eroso sentitu. Buruz-buruko hiru ariketetan, ostera, egoerari buelta eman eta eroso sentitu nintzen”. Xabat sorpresa gaztea izan zen jende askorentzat eta goraipatzekoak izan ziren finalera eramandako jarraitzaile sutsuak.

 

Azkenean, bai! Zortzi finaletan izan da Etxahun eta azkenean txapela eskuratu ahal izan du, bertsolaritzako helburua hori izan ez arren: “Txapela janztea ez zen nire helburua, eskertzeko saria bada ere. Txapelarekin edo txapelarik gabe, disfrutatzeko egiten dut bertsolaritza”, argitu du Lekuek.

 

Bertsolari gazteenaren saria Nerea Ibarzabalentzat izan zen. Sorpresa izan zen jende askorentzat, eta nabarmendu beharreko lana egin zuen bakarkako proban. Amaia Ugalde eta Maite Berriozabal gai emaile lanetan izan ziren, eta epai-mahaian Ander Txakartegi, Iñaki Aurrekoetxea, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izan ziren. Idazkaritza lanetan, Itxaro Juaristi eta Itziar Basterretxea.

 

 

Puntuazioa

 

Erlazionatuak

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).