Larrabetzuk ebatzi du

Igor Elordui, kazetaria 2017ko mar. 21a, 16:55

2017ko martxoaren 19an Larrabe­tzuko herritarrek euskal Estatu burujabe ba­teko herritarrak izan gura dutela ebatzi zuten. Honenbestez, Larrabetzuko eta, zer­gatik ez, Euskal Herriko historiara pa­satu da San Jose eguneko igande eguz­kitsu hura. Gure Esku Dago dinamikaren barruan, Ebatzi taldeak, Larrabe­tzu­ko Gure Esku Dagok, antolatutako herri-galdeketan parte hartu zuten La­rrabetzuko herritarren % 94,23k euskal Estatu burujabe baten alde egin zuen. Botoa emateko eskubidea zuten 1.585 larrabetzuarretatik ia-ia % 58 pasatu zen Ebatziren lokalean egokitu ziren bi hautetsontzietatik botoa ematera, hau da, 919 herritarrek eman zuten botoa eta horietatik 866 baiezkoak izan ziren. Ezezkoak, ostera, 31 izan ziren (% 3,37); baliogabeak, 21; eta bakarra, boto zuria.

Goizeko bederatzietan eman zitzaion hain egun bereziari hasiera. Adarraren soi­nuari eta txalapartaren hotsari erantzunez ehunka larrabetzuar gerturatu ziren Askatasunaren enparatzan, Larrabe­tzu­ko plazan, jarritako karpan egin zen hasiera-ekitaldira. Etxahun Lekueren bertsoak eta Bizkargi dantza-taldearen agurra jaso eta gero, 100 urteko Libe Asua eta 16 urteko Iñaki Elgezabal botoa ematera joan ziren. Lehenbizikoak izan ziren. Haien atzetik joan zen, ekitaldian irakurritako adierazpen hunkigarrian esan zuten bezala, “herri oso bat, zer izan gura duen ebatziko zuen herri bat”.
Hasiera-hasieratik ilara luze xamarrak  eratu ziren hauteslekuaren atarian. Toti Martinez de Lezea eta Etxahun Lekue ere   izan ziren bozkatzen lehenengoetarikoak. Han zituzten, zain, hainbat eta hainbat hedabide, euren artean TV3 Katalu­niako telebista publikoa. Eta barruan, hau­teskunde-mahaietako kideak, jarraipen zein berme batzordeetako kideak eta begiraleak, tartean Laura Mintegi eta Paul Rios.
Gaztelumendi Abesbatzaren emanaldiaren ostean, eguerdiko ordu batean, etorri zen eguneko bigarren momentu hunkigarria, Txori-martxan parte hartu zu­ten txorierritarrekin batera, apirilean eta maiatzean galdeketa egingo duten Bizkaiko herrietako –gehi Legutio eta Ur­kabustaizeko–, ordezkariak plazara sartu zirenean, adarren soinuaz lagunduta. Ho­rrez gain, Larrabetzun bezala egun horretan galdeketa egiten ari ziren Asti­ga­rraga, Hernani, Oarsoaldea eta Tolosal­dea­ko ordezkarien ahotsa entzun ahal izan zen bozgorailutik. Ho­rren ostean, musika ibiltariak eta talo eta ogitarteko usainak hartu zituen Larrabetzuko plaza eta kaleak, eta ipuin-kontalaria eta herri-kirolen tartea heldu zenerako, paseak ziren “ebaztera” bozka ematera deitutako larrabetzuarren erdia baino apur bat gehiago.
Arratsaldean parte-hartzea moteldu egin zen, baina eten bako egitaraua au­rrera zihoan heinean, plaza, karpa eta kar­pa ingurua betetzen joan ziren, Biz­kargi dantza-taldearen erakustaldiarekin lehenengo, eta Geurea, eskubidea musika emanaldiarekin geroago: Etxa­hun Lekue, Fredi Paia, Leire Bilbao, Rafa Rue­da, Keu Agirretxea, Mikel Etxaburu eta Josu Za­bala.
Ilundiko zortzietan, hauteskunde-ma­haiak ixtearekin batera, emaitzarekiko ikusmina areagotzen eta giroa berotzen joan zen; emozioa sumatzen zen denen aurpegietan. Zortzi eta erdiak pasatxo zi­ren atzera ere adarrak eta txalapartak emaitzak bazeudela iragarriz jendea karpara deitu zutenean. Senti­menduak bor-bor eta barrea aurpegietan igo zen oholtza gainera talde sustatzailea eta eskutik oratuta eman zituzten emaitzak. Emo­zioak gainezka egin zuen eta malko bat baino gehiago isuri zen bai oholtza gainean, bai behean, egun historikoari amaiera eman zion Malen Amenabarren agur-bertsoarekin.


EUSKAL ESTATU BURUJABE BATEKO HERRITARRA IZAN GURA DUZU?

HAUTESLE-ERROLDA: 1.585
BOTOAK: 919
BAI: 866
EZ: 31
ZURIAK: 1
BALIOGABEAK: 21


Erlazionatuak

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).