“Tributoak ikusteko ohitura galdu beharra dago”

Aikor aldizkaria 2017ko urt. 10a, 14:03

Musikarekin izandako lehen kontaktua kitarrarekin izan bazen ere, pasioa baterian topatu zuen 21 urte zituelarik, Derioko Larrabarri baserriko entsegu lokalean. Gaur, Nahun Iniesta Vázquez Madrilen dabil fisioterapiako azken urtea egiten. Bertan ere Kontrol - M izeneko musika taldean dabil bateria jole. Laster euren lehen diskoa kaleratuko dute: ‘Mentiras y otras Verdades’.

Nola hasi zinen musikan?

21 urtekin hasi nintzen bateria jotzen, Derioko Larrabarri baserriko entsegu lokalean. Bateria doan uzten zutela konturatu nintzen, eta ez nuen denborarik galdu. Hasiera batean bakarrik hasi nintzen jotzen, irrati bat eraman ohi nuen eta entzuten nuenaren gainean jotzen nuen.

 

Lehen kontaktua izan zen?

Ez, urte batzuk lehenago kitarra jotzen hasi nintzen, baina bertan behera utzi nuen. Bukatu egin zen.

 

Zelan bizi da musika gure bailaran?

Toki askotan izan naiz, baina Txorierrin ikusi dudana paregabekoa da: doanekoa, ekipo onak daude bertan, oso ondo zaindua, ordu asko daude libre eta giro berezia da bertan. Erabat gomendagarria. Eredugarria da: horrela izan beharko litzateke toki guztietan. Plasentzian badago antzeko lokala, baina egoera tamalgarrian, bertan behera utzita.

 

Zer egiten ari zara momentu honetan?

Oraintxe bertan Madrilen nabil fisioterapiako laugarren urtea bukatzen.

 

Zer dela eta Madrilen?, bertan ere badira fisioterapia zentroak.

Nota altua atera behar zen, eta Madrilera etorri behar izan nintzen, unibertsitate pribatu batera. Dena dela, jendea ezagutzen nuen aldez aurretik berton, eta ez da hain zaila izan bertora etortzea.

 

Zer dela eta fisioterapia?

Egia esateko askotariko lanetan aritu naiz: pizzak banatzen, biltegi-lanetan, gauetan eszenatokiak muntatzen, publizitate-lanetan… egun batean masaje ikastaro batzuek arreta deitu zidaten. Zergatik ez? Horietan izena eman eta masajista bezala hasi nintzen lanean urtebetez, autonomo bezala. Urte horren ostean jakintza zabaltzea erabaki nuen, eta unibertsitatean hasi nintzen jo eta su.

 

Ikasketez gain Kontrol - M taldean zabiltza

Kontrol - M izena Luisek (baxuak) proposatu zuen. Bankuek daukaten transakzio sistema da, hacker askoren ametsa, antza. Berez askotariko influentziak dauzkagu: nazioartean Black Sabbath, AC/DC, Muse, Metallica…  eta Estatu mailan Extremoduro, Platero y Tú, Leño, La Cabra Mecánica… Taldea berez Luisek eta Javik (kitarrak) osatu zuten eta abestiak zituzten. Orain hiruron artean konposatzen ditugu abestiak.

 

Album berria publikatzekotan zaudete, ezta?

‘Mentiras y otras Verdades’ deitzen da, eta Rock Palacen (Madrilgo aretoa) jotako abestien grabaketa da. Estudio batean sartu ginen bateriak grabatzeko, eta gainontzekoa gure kabuz grabatuko dugu.

 

Laguntzarik izan al duzue grabaketetarako?

Rock Palacen Lobok lagundu gintuen, Los Trogloditas taldeko abeslariak, Kimi Garcíak....

 

Non jotzeko asmoa duzue?

Extremaduran, Salamancan eta Huelvan izan gara. Euskal Herrian Bizkaiko zenbait tokitan jotzeko asmoa daukagu. Txorierriko Baserri Antzokian jotzeko irrikitan gaude. Gainera, 2017ko uztailean Perú eta Ekuadorrera joateko asmoa dugu, bertan kontaktuak dauzkagu-eta.

 

Zelan bizi da musika Madrilen?

Gaizki xamar. Alde batetik, toki asko daude jotzeko, baina bertan jotzeagatik ordaindu egin behar da beti. Diru kopuru-txikia eskuratzeko edo ordaintzeko kapitaletik irten egin behar da. Gutxi barru Oporton joko dugu (Madril), eta kapitaleko inguruetan bada bizikletaz mugitzen naiz zentrotik inguruetara, errentagarritasuna lortzeko. Oztopo asko daude bidean.

 

Musikari bezala zer aldarrikatuko zenuke?

Tributoak ikusteko ohitura galdu beharra dago eta talde berriak ikusten hasi behar gara.

 

Bi bandetara ari zara jokatzen: musika alde batetik eta fisioterapia, bestetik

Bi gauzak konbinatzea gustatuko litzaidake. Nire lan propioa izateaz gain, asteburuak musika egiten ematea gustatuko litzaidake, etengabe.

 

Zer egingo duzu karrera bukatu bezain pronto?

Ateak zabalik daude. Posible da etxera bueltatzea. Musika proiektua Madrilen izan arren, bateragarria da Txorierriko bizitzarekin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).