Blanco anaiek ezin izan dute Pandemoniuma bukatu

Aikor aldizkaria 2017ko api. 11a, 10:54

Manu eta Javi Blanco pilotu loiztarrak Pandemoniuma bertan behera utzi behar izan zuten, familia arazoengatik. Lehenengo postuan zebiltzaten lasterketan, eta bertara eraman zuten materialaren erdia banatu zuten Atlaseko herrixka galdu batean. “Lehen egunean 250 kilo banatu genuen bertan. Toki hartan inor bizi zela ematen zuen, baina jendea hurbiltzen hasi zen, eta azkenean eramandakoaren erdia utzi genuen bertan”, aitortu du Manuk. “Batez ere umeentzako arropa”.

Martxoaren 24an, ostiralean, abiatu ziren Marokora pilotu biak, eta apirilaren 1an bueltatzeko asmoa bazuten ere, martxoaren 29an egin zuten itzulia. “Aitak osasun arazo larriak zituela esateko deitu ziguten, eta pentsatu gabe bertan behera utzi genuen dena, Atlaseko alde hotzean”. Beraz, geratzen zitzaien materiala beste pilotuei eman eta buelta-erdia eman behar izan zuten loiuztarrek.

Aitaren osasun arazoak salbu, Manu poz-pozik dabil Marokon bizitako esperientziarekin: “Pena eman zigun lasterketa bertan behera uzteak, baina bizitakoa sekulakoa izan da eta autoa uste baino hobeto ibili da”.

2.000 km inguru, 24 ordutan

Pilotuen aitaren osasun arazoen berri izan zutenean, anaiak Marrakechetik 150 kilometrora zeuden, Atlasean. Bertatik 09:30ean irten ziren. “Autora igo eta 2.000 km egin genituen segidan, 100 km orduko bataz besteko abiaduran ”, azaldu du Manuk. Hurrengo eguneko 13:00etan heldu ziren Loiura. “Heldu orduko, aitaren osasuna geurea baino hobeagoa zen eta ezustekoan geratu zen dena, zorionez”.

Bizkaitar batzuek duela sei urte sortutako rally solidarioa da Pandemoniuma, zeinetan, auto klasikoek hartzen duten parte. “Batez ere Seat eta Fiat Pandek hartzen dute parte rallyan”, adierazi du Manu Blancok. Horiez gain, Citroën AXak, Volkswagen Poloak, Peugeot 205ak, Suzuki Samuraiak… denetarik ikus daiteke bertan. “Baldintza bakarra autoek gutxienez 25 urte izatea da”. Aurtengo edizioan Euskal Herria, Madril, Asturias eta Almeriako pilotuak izan dira rallyan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).