“Balbulek garrasi egitea gustatzen zaigu”

Aikor aldizkaria 2017ko api. 18a, 12:55

Midnight Road taldea

Hard Rock taldea indartsu aritu zen urtarrilean, Baserri Antzokian. Formazio aldaketa asko izan dituen bandaren azken fitxaketa Josu Tolin Pedrosa loiuztarra izan da. 2016ko abenduan heldu zen musika taldera, eta momentu honetan Belfasten dabil ingeniaritza zibileko praktikak egiten. Bueltan taldearekin jo eta su aritzeko prest dago, ekain aldera.

 

Midnight Road ez da talde berria eta aldaketa asko izan ditu.

Taldea 2006an jaio zen. Harrezkero aldaketa asko izan ditu formazioak. Kideak joan eta etorri ibili dira, euren proiektu profesionalak direla eta. Momentuz Jambo (bateria jolea) da hasierako taldeko kide bakarra. Gainontzekoak berriagoak gara. 

2016ko abenduan Josu Tolin loiuztarra heldu zen, Holly Brandy taldeko abeslaria.

Bi taldeetan jotzen du. Holly Brandy taldean abeslari eta gitarra jole dabil. Gurean gitarra bakarlari bezala dabil, nahiz eta lehen asmoa abeslari aritzea izan. Azkenean, betebehar hori Jon Martinezentzat izan zen.

Josu txikitatik ibilia da musikan.

Zortzi urterekin murgildu zen musikan. Aitak Rolling Stones-en kontzertu batera eraman zuen eta txunditurik geratu zen. Urtebetetzean gitarra bat oparitu zion eta ordutik aurrera gelditu barik dabil. Bere pasioa, taldeetan aritzeaz gain, gitarra eskolak ematea da.

Midnight Road: non ibili zarete?

Estatu mailan Bilbo, Gasteiz, Iruña, Najera…; hala ere, Estatu Batuetan izanak gara eta kanpora berriro irteteko gogoa dugu, era horretako esperientziek caché-a gehitzen diete taldeei.

Baita Derioko Baserri Antzokian ere, ezta?

Bai, noski! Zur eta lur utzi gintuen antzokiko kontzertuak. Eszenatokiaren tamaina itzela da eta ondo baino hobeto tratatu gintuzten han. Soinu aldetik gustura ibili ginen, nahiz eta ozenago jotzea gustatu: balbulek garrasi egitea gustatzen zaigu. Gainera, ondo baino hobeto afaldu genuen!

Denbora pasatu da Thin Lines argitaratu zenutenetik. Bederatzi urte.

Denbora asko pasa da, eta taldea egonkortzera heltzen denean argitaratuko dugu bigarren albuma. Espero dugu urte amaieran abesti berri guztien aukeraketa egitea eta estudioan sartzea. 

Zigilupean?

Thin Lines RockStudioseko Carlos Creatorrekin grabatu arren ez daukagu zigilurik. Gure kabuz kudeatu dugu dena.

Agentziarik ez, beraz?

Agentzia izateak ez du zertan bermatu arrakasta. Normalean horrela izaten da, baina dirua inbertitu behar da horretan eta gaizki funtzionatzen duten zigilu asko daude.

Zer-nolako erreferenteak dituzue?

Kiss, Aerosmith, Guns & Roses… taldekide bakoitzak gustu propioak dauzka, baina erreferentzien %100 amerikarrak dira.

Abestiak inglesez konposatzen dituzue.

Hainbat hizkuntzatan kantatzen duten taldeak entzuten ditugu: erdaraz, euskaraz… M-Clan gustuko dugu, ez gazteleraz kantatzen duelako, ezpadaze hegoaldeko doinuarekin egiten duelako. Hala ere, kantatzerako orduan ingelesez egin dugu beti, azken batean gure influentziak amerikarrak direlako.

Zelakoa da musikaren egoera gaur egun?

Hobby bat bezala hartzen bada, ondo pasatzeko, ez dago inolako problemarik. Ogibide bezala bada, ordea, jai dugu! Esaten da rocka astiro-astiro hiltzen dabilela. Euskal Herrian bizirik dirau hemengo jendearen ohituragatik: The Wizzards eta Highlights bezalako taldeen izenak entzuten ari dira azken bolada honetan, eta gure estilorako onuragarria da hori.

Zein izan daiteke arrakastaren gakoa gaur musikan?

Horrez gain, Interneten entzutetsua izatea berebizikoa da: trending topic-a izaten saiatu behar gara eta jendeak gutaz hitz egitea lortu behar dugu. Bizkaia En Vivo sareak 70-80 kontzertu iragartzen ditu astebururo; beraz, ez da eskaintza kontua.

Internet gakoa bada, non entzun dezakegu MR?

Spotify, Reverbnation, Bandcamp eta Youtuben.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).