Car Sharing modernoa: mikroegoeren amaiera

Aikor aldizkaria 2017ko ots. 20a, 14:11

Iker Maguregi bizikleta tolesgarri moderno horietakoan heldu da elkarrizketara. Laguncar autoak konpartitzeko plataformaren sortzailea da, eta bere autoa beste pertsonekin elkarbanatzen du egunero. Euskal Herrian milioi bat auto inguru daude eta bertako familien % 20 inguruk auto bi ditu. Auto horiek ordu ugari erabili gabe dauden argudioarekin, Laguncarrek etekin handiena atera nahi die, eta bide batez autoa behar dutenei denboraldi batez uztea.

Nork esango luke orokorrean gure autoaren % 5ari baino ez diogula etekina ateratzen? Zenbat kilometro egiten ditugu egunero autoz? Jende askok autoa haurrak eskolara eramateko, enkarguak egiteko edota lanera joateko erabili ohi du, eta normalean horretarako eguneko 24 orduen minutu batzuk baino ez ditugu erabiltzen. Demagun auto bat erosi dugula lanera joateko eta bestelako bidaiak egiteko. Demagun ere lanera joateko 20 minutu ematen ditugula. Joan eta etorrien artean 40 minutu baino ez daude. 40 minutu horiei bestelako bidaiak gehitzen badizkiegu (aisialdia…), gehien jota ordubete erabiliko genuke geure autoa (kontutan izanda lana etxetik gertu izango bagenu, noski). Hori dela eta, autoak erabili gabe dauden ordu horiei etekina ateratzeko asmatu zen Laguncar.

 

2016ko ekainean sortu zuen Iker Maguregik, autoari errentagarritasuna ateratzeko eta behar duten pertsonei, autoa propietatean izan ez arren, autoz mugitzeko aukera emateko. Auto arrunt batean 3.000 - 4.000 euro inguru inbertitu behar dira urtero gastu finkoen (balioa, udal zergak, IAT-a, aseguroa...) eta aldagarrien artean (erregaia, mantentze lanak, konponketak...). “Laguncarrekin autoaren gastu finkoak elkarbanatu egiten dira, erabiltzaileari autoa gidatzeko aukera emanez”, adierazi du Ikerrek. Zerbitzua autoa bidaia txikietarako behar duten pertsonei zuzenduta dago bereziki: “Mikroegoerei irtenbidea emateko ideala da: lanera trenez banoa eta ordu tarte horretan beste edonork nire autoa erabili nahi badu, etekina atera lekioke nire autoari”, argitu du ekintzaileak.

 

Proiektuaren ideia 2005ean bururatu zitzaion Ikerri eta 2008an Eusko Carsharing Elkartea jaio zen. Car Sharing-a edo auto-partekatzea bi eratakoa izan daiteke: Car Sharing tradizionala alde batetik, erakunde publiko zein pribatu, enpresa edo elkarte batek ibilgailuak jartzen ditu (bizikleten maileguarekin gertatzen den bezala) alokatu ahal izateko: “Horrela sortu ziren Ibilkari (Bilbo), Ukanauto (Uribe Kosta) eta Auzokar (Arratia) egitasmoak”. Beste alde batetik Laguncar dago, car sharing modernoaren adibidea. Inolako erakunderik egon gabe, herritarrek beraiek euren auto propioak partekatzen dituzte: “Inork ez digu kotxe berririk ipintzen. Herritarrok gara protagonistak”, argitu du. Euskal Herrian ez dago antzeko enpresarik, eta Laguncarrek 100 inguru dauzka momentura arte.

 

Estatu mailan, ostera, bereizketa egin beharko litzateke auto-alokatzaile eta partekatzaile modalitateen artean, oso ezberdinak baitira: auto-alokatzaileak, irabazi asmoko enpresak, kontratu baten bidez auto bat eskaintzen dio bezeroari, denbora tarte batez. Partekatzaileak, bestalde, irabazi asmorik gabekoak dira eta kontratua sinatu baino, erabiltzailea bertako bazkide egin behar da: klubaren parte izan. Horrela, konfidantzan edota fair play-ean (tratu justua) oinarrituriko erabiltzaile taldeak sortzen dira. Hortaz, bazkideak ez dira guztiz ezezagunak: gertukoak eta konfidantzakoak dira Laguncar komunitateko erabiltzaileak: “Gauza asko partekatzen ditugu lagunen artean. Ez diozu autoa ezezagun bati itsu-itsuan utziko”, azaldu du.

 

Laguncarren izena ematean, bi perfil sor daitezke: autoaren jabearena edota erabiltzailearena.  “Eraldaketa soziala da autoaren erabileran”, adierazi du Ikerrek. Azaldu duen bezala, Laguncarren funtzioa jabeak eta erabiltzaileak harremanetan jartzea da, Fernando de Rojasen ‘Zelestina’ bezala: “Pertsonak kontaktuan jartzen dira. Normalean jende hurbila edo konfidantzazkoa izan ohi da”, azaldu du Maguregik. Horrela, jabe-erabiltzaile taldeak sortzen dira. Gaur egun laupabost talde daude Bilbon. Talde bakoitzak arau batzuk ezartzen ditu: salneurria zehaztu (kilometroaren prezioa), aseguruaren nondik norakoak, bestelakoen kudeaketak (autoaren giltzaren kopiak egin behar diren ala ez, kolperik izanez gero arduraduna nor den…). “Autoa betidanik konpartitu dugu noizbait. Gure apustua elkarbanatze horri frekuentzia eta prezio bat ezartzea da”, argitu du Maguregik.

 

Europa: aldaketaren aitzindaria

“Autoak inpaktu soziala dauka, eta hori ez da aintzat hartzen askotan. Kotxe gutxiago izango bagenitu hobeto biziko ginateke”, aitortu du Ikerrek. 70. hamarkada inflexio puntua izan zen Herbehereetan: “Garai hartan zera esan ohi zen: ‘Autoarekin ezin gara ogitan joan’”. Europan, ostera, 80. hamarkadaren bukaeran izan zen. Ekologisten arabera, ez zeukan inolako zentzunik autoz joatea edonora. 90. hamarkadan, garraio publikoan gabeziak detektatu ziren: autobusak eta trenak ezin ziren toki guztietara heldu, ez teknikoki, ez ekonomikoki; autoa, ostera, arrakastatsua da eta independentzia dakarkio erabiltzaileari. Garraio publikoaren hutsune horretan Car Sharing-a jaio zen, eta erakunde publikoek garraio publikoaren fenomeno berri honekin integratzen hasi ziren.

 Carsharing-aren parte izatea filosofia aurreztailearen alde egotea da. Azken batean, plataforma honen erabiltzaileak ez dira autoen menpe bizi: “Sisteman sartzen diren pertsonek, auto propiorik ez izatean eta berauen kostua zein den jakinda, autoaren erabilera zentzuduna egiten dute, gaur egungo erabilera inertziala ekidituz”.

 

Informazio gehiago: www.laguncar.eus

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).