Etika eta bioteknologia: mtDNAn jatorria duten gaixotasunak ekiditen

Aikor aldizkaria 2015ko ots. 26a, 11:25
Testua: Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria
Otsailaren 3an, Komunen Ganberak Mitokondrioen Teknika onartu zuen, enbrioi bat lortzeko hiru pertsonaren DNA erabiltzen duena. Mitokondrioak zelula eukarioto gehienetan dauden organuluak dira, eta horien energiaren kudeaketaz arduratzen dira. Zelula bakoitzean zenbait mitokondrio daude, zelularen izaeraren arabera, eta DNA eraztunak dituzte (DNA mitokondriala edo mtDNA). DNA hau mitokondrioen funtzionamenduarekin dago erlazionatuta, eta ez izakien ezaugarri eta funtzionamenduarekin. Izan ere, azken horiekin zerikusia duena zelulen nukleoan dagoen DNA da. Eta horixe izan da, hain zuzen ere, Erresuma Batuan eztabaida piztu duena, pertsona batzuen ustez, arrazoi erlijiosoak edo etikoak direla eta, ez baita onargarria umeak gurasoena ez den DNA izatea. Obulua eta espermatozoidea elkartzen direnean sortzen den enbrioian amaren mitokondrioak mantentzen dira bakarrik. Mitokondrio horietatik gure zeluletan dauden mitokondrioak etorriko dira, hau da, gure zelulen mtDNA eta gure amarena berdinak dira. Gaixotasun batzuk mtDNAren mutazioei daude lotuta, Ballinger-Wallace sindromea adibidez (diabetes mellitus eta gortasuna), eta aipatutako teknikak horiek bezalako gaixotasunak ekiditea du helburu. Obuluak gaixorik dauden mitokondrioak dituenean, horiek umearengana pasatuko dira. Teknikaren funtsa gaixotasunik ez duen emakume baten obulua hartzea da, horren mitokondriak erabiltzeko. Horrela, umeak amaren obuluaren nukleoaren DNA izango du, aitaren espermatozoidearen nukleoaren DNA eta emakume emailearen obuluaren mitokondrioen DNA. Hori egiteko teknika bi diseinatu dira: bata, emailearen obuluaren DNA kendu eta amaren obulu baten DNA sartzean datza; bestean, berriz, ama eta aitaren ernaldutako obuluaren pro-nukleoa hartu eta mitokondrioak ondo dituen emaile baten enbrioian txertatzen da. Metodo bat zein bestea erabilita, enbrioi bat edukiko dugu, nukleoan ama eta aitaren DNA duena, ohikoa den bezala, baina emailearen mtDNA duena. Mutazioa eta, beraz, gaixotasuna sortzen duen mtDNA ekidin dugu eta, ondorioz, enbrioi horretatik sortuko den umeak ez du gaixotasun hori jasango. Hemendik aurrera, eztabaida. Umearen funtzionamendua eta ezaugarriak ohiko genetikaren legeen araberakoak izango dira; mtDNAri lotutako herentzia, berriz, aldatu da. Eta horrela izango da bere ondorengoekin ere bai, neska bada, mtDNA hori pasatuko baitie. Merezi du? Zein da zuen iritzia?

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).