40 €-ko eskarmentu digitala :-(

Aikor aldizkaria 2016ko mar. 2a, 10:36
Testua: Testua: Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria ; irudia: zonamovilidad.es
Urtarrilean, ohikoa baino 40 euro gehiago ordaindu behar izan dugu nire semeetariko baten telefonoagatik. Google Play-koa ez zen aplikazio bat instalatzeko, eta ordu erdiko deia egin zuen tarifikazio bereziko zenbaki batera. Telefonoan instalatutako suebakiak abisua eman eta komunikazioa moztu orduko, 40 euro. Otsailaren 9an, Internet Seguruaren Eguna izan zen. Egun horretan, internet eta smartphone-en erabilera egokiago eta seguruagoaren alde egiten da 2004. urtetik hona, bereziki ume eta gazteen artean. Cyberbullying-etik gizarte sareetara, urtero lelo bat hartzen du ardaztzat eta aurtengoa “Egin zure eginkizuna, internet hobe bat egiteko” izan da (Play your part for a better internet), interneten denok parte hartu eta, beraz, eragile izateko aukera dugula azpimarratzeko. Ekintza ugari antolatu dira bai Europan bai mundu mailan: jokoak, hitzaldiak, sareko baliabideak, saio bereziak eskoletan… Izan ere, eta Eurostat-en datuen arabera, Europan, internet erabiltzaileen % 25ak segurtasunari lotutako ezbeharren bat izan zuen 2015. urtean: % 21ak birusak; % 3ak datu pertsonalei lotutako gehiegikeriak; % 3ak dirua galdu zuen; eta % 2a gune ez egokietara sartu ziren umeak izan ziren. Ohitura egokiak Aurtengo leloak dioen moduan, gure esku dago horrelako ekintzen kontra borrokatzea, bai salaketaren bidez, bai ohitura egoki batzuk izanda. Eta noski, garbi eduki behar dugu errudunak iruzur egiten dutenak direla, eta ez ondorioak jasaten ditugunok. Semeak, lehengusuak eta lagun batzuek esanda, eta nirekin kontrastatu barik, instalatu zuen aplikazioa. Eta hor nire lehenengo akatsa, dudan lana eta prestakuntza edukita, semeari ez baitiot heziketa digital txikiena ere eman. Gainera, telefonoa neuk prestatu arren, onartuta utzi nuen egiaztatu gabeko aplikazioak instalatzeko aukera. Errementariaren etxean, zotza burruntzi. Eta gainera, nire telefono konpainiak, besterik adierazi ezean, dei horiek egitea galaraziko zuela pentsatzen nuen. 40 euro. Lehenengoa ekiditeko, seme-alabekin egin berba, kontuz ibili behar dela esan, eta heltzen zaien edozein loturatan klik ez egiteko. Bigarrenerako, android telefonoa baduzue, sakatu ezarpenen ikonoan, gero “segurtasuna” menuan, eta bertan hautatu barik utzi “iturburu ezezagunak”. Eta dei berezi horiek egitea gaituta duzuen ez badakizue, jo zuen telefono konpainiara eta haiek esango dizuete zer egin. Loturak: Safer internet day gunea https://www.saferinternetday.org/ Día de Internet Segura 2016: http://www.chaval.es/ Eurostat info: http://goo.gl/WjZcME Egonline http://goo.gl/ZgV3Hq Safer internet day lehiaketa http://goo.gl/tC6yy2

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).