Hiru erronka teknologiko

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 28a, 09:27
Testua: Xabier Díaz, BTEK-eko zuzendaria
Apirilean, Euskal Herriko maila teknologikoaren inguruko hitzaldia eman nuen Zamudion. Hitzaldian, egungo egoeraren azterketa sintetizatua egin nuen eta hiru erronka izan zituen hizpide: energia, I+G+b eta hezkuntza/trebakuntza. Labur esanda, Estatu mailan gaizki ez gauden arren, oraindik lana egiteko daukagu Europako herrialde bikainetara hurbiltzeko. Baina egungo egoeran luzatzeko lekurik ez daukadanez, gehiago kezkatzen nauten erronketan sakonduko naiz. Energia Menpekotasun itzela dugu arlo honetan. Hidrokarburoak ditugu energia-iturri nagusi, baina gure inguruan ez dago petrolio, ikatz edo gas naturalik (fraking-ari buruz beste egun batean arituko gara). Horri aurre egiteko bidea hidrokarburoetatik askatzea da, energia eolikoa, mareomotriza, hidroelektrikoa, eguzkikoa, biomasa eta horrelakoak ikertuz eta garatuz. Alde ona da gure inguruan teknologia horietan diharduten hainbat enpresa eta ikerketa eta teknologia-zentro daudela; alde txarra, aldaketa nahitaez prozesu geldoa izango dela, oraindik konponbide erraza ez duten arazoak baititugu; energia metaketa, kasu. I+G+b Estatuko beste eskualdeekin alderatuta, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzan ditugun adierazleak ez dira txarrak; bai, ordea, Europako estatu aitzindariekin alderatzen baditugu. Bizi garen munduan bizi gara, eta hura aldatzen ez dugun bitartean, lehia da eragile nagusietako bat. Bezeroek gure zerbitzuak edo produktuak erostea nahi badugu, merkeak edo balio erantsi handikoak izan beharko dira, eta hiru bide nagusi daude hori lortzeko: soldatak “egokitzea”, prozesuen eraginkortasuna hobetzea eta balio erantsia bera. Gizarte osasuntsu eta jasangarri baten aldeko apustua egin nahi badugu, ez dut uste aipatutako lehenengo bidea egokia denik. Beraz, I+G+b sustatu beharko dugu, inbertsio publiko zein pribatu handiagoa eginez, ikerlarien lan baldintzak hobetuz, bertoko harrobia zainduz eta kanpoko fitxaketa onak ekarriz, ikerketa politika egonkorrak eta eraginkorrak ezarriz… Eta horretarako, ezin dugu oinarrizko ikerketa ahaztu. Bestela, nor izango da ezagutzaren jabea? Atzerrian “erosi” beharko dugu, berehalako itzulkinak dituzten teknologiak garatzeko? Hezkuntza/trebakuntza Eta badaukat aurreko erronken erantzunetako bat: hezkuntza eta formazioa. BTEKera bisitan datozenei adierazten diegun bezala, gure inguruan dugun lehengai bakarra gu geu gara. Are gehiago, pertsonok gara epe luzera eraginkorra izango den lehengai bakarra. Geu gara erronka guztiei irtenbide egokia bilatzeko aukera bakarra, eta horregatik inbertitu behar dugu lehengai honen garapenean eta lanketan. Adituak behar ditugu zientzian eta teknologian, baita zientzia eta teknologian jantzita dagoen gizartea ere. Ikerketa eta garapena, eta beren ondorioak ulertzeko gai dena, eta ondorioz, politikak adosteko gai dena. Burujabetasuna eta isolamendua sinonimotzat jotzen dira askotan, baina nik ez dut horrela ulertzen. Mundu globalizatu batean bizi gara, beraz, burujabetasuna elkarlana eta harremanak norekin eta zein mailatan izango dituzun erabakitzean datza. Berdinen eta desberdinen arteko elkarlana goraipatu nahi nuke. Ikerketa guztiak taldean egiten dira gaur egun, eta taldeak diziplina, jatorri, aberri, ikuspegi… anitzekoak izaten dira. Norberaren eta besteen ahuleziak eta indarguneak orekatuz, globalizazioaren aroan, burujabetasuna, harremana eta elkarlana batera joan behar dira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).