Jaurtiketaren zirrara

Aikor aldizkaria 2017ko ots. 20a, 14:42

Txorierri ehiza eta arrantza elkartea

Ehiza eta gizakia betidanik ibili dira lotuta, eta Zamudion ere egon dira ia betidanik ehiztariak. Txorierri Ehiza eta Arrantza elkartea 1954an jaio zen. Gaur egun, taldeak 200 bazkide ditu eta baimenak eta lizentziak kudeatzeaz gain, plater-tiroketa ere sustatzen du. Aurten eremua homologatu nahi dute. Euren esanetan, jaurtitzea harrapatzen duen kirol horietako bat da.

“Gure elkartea aspaldikoa da herrian. Garai batean, Zamudion futbol taldea eta ehiza elkartea baino ez zeuden. Azken bolada honetan, aldiz, gero eta elkarte gehiago sortu dira herrian”. José Mari Olarraren Zamudioko ehiza elkartearen idazkariaren hitzek argi eta garbi azaltzen dute ehiza elkartea tradizio handiko taldea dela Txorierrin. Izan ere, Zamudioko handienetariko bat da, gaur egun 200 bazkide baino gehiago dituelako.

Bazkide gehienak zamudioztarrak dira, baina 10 derioztar inguru ere badaude. “Betidanik ibili gara Deriokoekin, baina gaur egun, ez dugu beste herrietako bazkiderik onartzen”. Adinari dagokionez, denetarik dago bazkideen artean. “Golfean gertatzen den moduan, adinak ez dauka ehizan garrantziarik, hau da, nagusiek zein gazteek badute jaurtitzeko eta animaliak harrapatzeko aukera. Nik, esate baterako, 77 urte ditut eta jarraitzen dut jaurtitzen (kar, kar)”, dio José Marik.

Adinak anitzak dira, bai, baina kideen sexua ez, ordea. Bazkide bat izan ezik, beste guztiak gizonezkoak dira. “Emakume bat bada gure kidea. Ez dakit zergatik ez dagoen gehiagorik, neskak jaurtitzaile trebeak ere badirelako. Esate baterako, garai batean Maria Quintanal gurekin ibili zen jaurtitzen. Mariak zilarrezko domina lortu zuen 2004an, Atenaseko Olinpiadetan, plater-tiroketan”.   

Txorierri Ehiza eta Arrantza Elkartea izen ofiziala izan arren, oso gutxik arrantzatzen dute elkartean. “Txorierrin ibai gutxi ditugu eta agian horregatik ez dago zaletasun handirik. Nik bai, nik lehen arrainak harrapatzen nituen, hegaluzeak-eta, eta itsasontzi batzuk izan ditut”. Arrantzalerik ez egoteak lana aurrezten die elkartekoei. José Marik Pedro Mari Landeta presidentearekin eta beste lauzpabost lagunekin batera kudeatzen du taldea. Eta horrek lan itzela dakar: kideen aseguruak, lizentziak, baimenak... “Gainera, ehiztariek arazoren bat izanez gero, laguntu egiten diegu hori konpontzen”. 

 

Tiro-eremua

Ehizari lotutako inprimaki guztiak kudeatzeaz gain, Zamudioko elkarteak tiroketa ere sustatzen du. “Kirol olinpikoa da eta oso polita da, oso zirraragarria. Beste aukera bat da jaurtitzea gustatzen zaigunontzat. Tiro-eremua daukagu. Antzina, futbol zelaian bertan egiten genituen tiraketak, gero beste eremu batean, Daños auzoan, eta azken bost urteotan Geldon gaude, futbol zelaiaren goiko aldean. Estatuan eremu pilo bat daude, baina Euskal Herrian ez dago askorik: batzuk Gipuzkoan eta bakarra Bizkaian, Gallartan. Guk geurea dugu, baina ez dago homologatuta”.

Eta Zamudioko eremua legeztatzen alade gogor egingo dute lan elkartekoek, herriko alkatearekin batera. “Oso zaila da tiro-eremua aurrera eramatea. Inprimaki piloa bete behar dira eta oztopo piloa jartzen dizkizute Guardia Zibilak eta Espainiako Gobernuak. Gainera, ekologistak ere kexatzen dira. Urtean 5-6 tiro-saio antolatzen ditugu, eta tiraketa bat egin nahi dugun bakoitzean, paper piloa aurkeztu behar dugu. Aurten eremua homologatzea lortzen badugu, tiraketak nahi dugunean antolatu ahal izango ditugu”.

José Marik ekologisten kritikak aipatu ditu. “Batzuek diote: Ze pena, txoritxoa hilko duzu. Baina nik beste ikuspuntu batetik ikusten dut. Ehiza gure barnean egon da beti: gizakiok bizirauteko harrapatzen genituen animaliak. Gainera, kontrol zorrotzak daude ehizaren inguruan, eta ezin da nahi dituzun animaliak ehizatu, ekosistemak ez zapuzteko. Jaurtitzea orohar gustatzen zait, baita armak, ehiza eta tiroketa kirola bera ere. Eta jaurtitzeak, golfari gertatzen zaion moduan, benetan harrapatzen zaitu. Sinplea ematen du, baina probatzen duten guztiei gustatzen zaie”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).