Zamudioko radarra lehen emaitzak jasotzen hasi da

Aikor aldizkaria 2017ko mar. 22a, 10:30
Radar kutxa, Eleizalde plazan.

Zamudioko Udalak 2016ko abuztuan Eleizaldeko plazan ezarritako radar kutxaren abiadura-neurgailuak lehen fruituak jasotzen ari da. Ezarri zenetik, inolako isunik jarri gabe, autoen abiadura nabarmenki astirotzea lortu du gailuak, Udalaren arabera. Horrela adierazi dute herrian zehar sei hilabeteetan zehar egin diren abiadura neurketek. 2015eko urriaren 8an eta azaroaren 20an bitarteko 45 egunetan egindako neurketek adierazi dute 687 ibilgailuk 60 km orduko abiadura gainditu zutela, eta 8.639k 50 km orduko abiadurak gainditu zituztela. “Aurten 18 eguneko neurketa egin da eta hiru ibilgailuk gainditu dute 50 km orduko abiadura”, azaldu du Udalak argitaratu berri duen prentsa oharrak.

Gailua ezartzearen arrazoia auzotarren kexak izan direla azaldu du alkateak: “50 km orduko abiaduran auto-istripua izateak hiltzeko aukera asko ematen du”, adierazi du Igotz López Zamudioko alkateak. Hasiera batean sakanguneak ezarri ziren, baina Udalaren arabera ez zen nahikoa izan. Radarra ikusgaitasun murriztuko zonalde batean dagoela adierazi du Igotzek, bizitegi-gunean, eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren arabera, zonalde hauetan, gehienezko abiadura 20 km ordukoa da (seinale urdin batez mugatuak egon ohi dira).

 

Euskal Herrian, abiadura baxuena

“Radarra jartzearen helburua neurrizko abiaduran gidatzearena da, bertatik igaro diren oinezkoen segurtasuna bermatzeko”, adierazi du komunikatuak. 20 km orduko abiaduratik gora argazkiak ateratzen dituzten radar gutxi daude estatu mailan: “Ez da hain arraroa: Europan zenbait kasu daude Frantzian eta Alemanian, besteak beste”, adierazi du alkateak. Euskal Herrian, ostera, bakarra dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak.


“Radarra jartzearen ekimena eta isunak ezartzearen erabakia Udalarena izan da. Isun kobratzeak, ordea, Trafiko departamentuaren esku egongo da”, adierazi du Lópezek. Argazki makinaren berri izan denetik, ibilgailuen abiadura nabarmenki gutxitzeaz gain, aztoramendua sortu da auzotar askoren artean eta EH Bilduk ekimen honen aurkako jarrera adierazi du behin baino gehiagotan, Osoko Bilkuretan: “Abuztuan radarraren kutxa ezarri zuen Zamudioko Udalak eta irailean bertan izandako Osoko Bilkuran neurriaren aurkako jarrera adierazi genuen”, azaldu dute EH Bildu Zamudiotik. Alderdi ezkertiarrak azaldu du eskaera hau irailetik gaur egun arte egin dutela Udalean. “Herriko sarreran 20 kmko abiadurako zonaldea, non umeek jolas egin dezaketen, egoteak ez dauka inolako logikarik”.

Gauzak horrela, Igotz Lópezek radar-kutxa mantendu du, bertatik igarotzen diren ibilgailuen abiadura neurtu eta gordetzen duen neurgailu batekin. EH Bildu Zamudioren arabera, 20 km orduko zonaldea kendu beharko litzateke, eta horren ordez hirigintza plan bat ezarri abiadura egokia zehazteko herriko hirigune guztian eta auzoetako guneetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).