Inkisidoreak eta sorginak Nafarroan

Aikor aldizkaria 2019ko abe. 4a, 09:54

Azken eleberriari begira, Toti Martinez de Lezea Larrabetzuko idazleak Facebookeko jarraitzaileei galdetu zien zeri buruz irakurri nahi zuten, eta gehienek sorginak eta Inkisizioa uztartzen zituen istorioa aukeratu zuten. Emaitza Sorgin belarra da, sineskerietatik haratago doan nobela.

“Gaia gustatzen zait, baina aurretik ere banuen jorratuta eta ez nuen errepikakorra izan nahi. Horregatik, beste ikuspuntu batetik heldu diot: benetako sorginen ehiza. Izan ere, sorginen ehizaren egiazko helburua ez zen han edo hemen emakume bat hiltzea, herri osoa beldurtzea baizik”, azaldu digu. Sorgin belarra eleberriko orrialdeen bidez, irakurlea XVI. mendeko Nafarroara eramaten du, Erronkariko, Zaraitzuko, Aezkoako eta Erroko bailaretara. “ Nafarroako sorginez aritzen garenean Zugarramurdiz egiten dugu (Logroñoko autofedea, 1610), baina sorginen ehiza lehenago hasi zen Erresuman eta askoz gogorragoa izan zen. 1507. urtean, 30 emakume nafar eta bizkaitar hil zituzten Calahorran, eta 1525 eta 1527 urteen artean, kopurua 100 eta 200 pertsona artekoa izan zen; 1536. urtean, beste 20 lagun akabatu zituzten. Nolanahi ere, gehien interesatzen zaidana Inkisizioaren kontua da. Espainiako Inkisizioan gehienbat eliz epaileak ibili ziren arren, Nafarroan epaile zibilak aritu ziren. Zer egiten zuten horiek Pirinio inguruetako haranetan sorgin bila?”. Erantzuna Nafarroako Erresumaren konkistan topatu du.

“Konkista 1512. urtean hasi eta 1527. urtean amaitu zen, Carlos V.ak Nafarroa Behereari uko egitea eta bakarrik hegoaldearekin geratzea erabaki zuenean. Bataila handiak amaituta, lehen aipatutako haranetako lagunek jarraitu zuten borrokan, euren erara: zergak ez ordaindu, soldaduen patruilei eraso egin… Garai hartan, Pedro de Balanza izan zen inkisidorea eta errege kontseilaria. Legeetan eta kanonetan lizentziatua zen, eta oso pertsona jantzia. 1521. urtean Iparraldean ibili zen armada espainiarrarekin, eta 1525. urtean, Erronkarin sorgin bila. Hain jakintsua izanda ez zuen uste izango emakume batzuek erratz gainean hegan egiten zutela, ezta? Bada, ez: herritarrak ikaratzeko eta konkista behin betiko amaitzeko modua zen”.

“Sorginen ehiza herritarrak ikaratzeko eta konkista behin betiko amaitzeko modua izan zen”

Balanza eleberriko pertsonaietako bat da. Inkisidore politikoa da, handinahia, eta gora egin nahi du; Balanzaz gainera, beste pertsonaia nagusi bi daude nobelan: Avellaneda inkisidorea eta Loredi. “Historialari batzuen ustez, Avellaneda ez zen existitu, ez baita inongo dokumentutan edo erregistrotan agertzen. Hala ere, Gazteluko kondestableari idatzi zion gutun bat badago, eta horren laburpena ipini dut liburuaren amaieran. Gutun horretan kontatzen zuenez, bere begiekin ikusi zuen emakume batek gizonak pozoitzeko erabiltzen zen ukenduaz gorputza igurtzi zuela eta leiho batetik hegan irten zela deabruarekin topo egitera. Handik egun batzuetara emakume hura eta beste bost emakume epaitu eta erre zituzten. Benetan ikusiko zuen hori? Bai zera, edaberen bat hartuta egongo zen; sorgin belarra, beharbada”. Martinez de Lezeak imajinatu duen Avellaneda konplexuz betetako gizona da, identitate-arazoak ditu eta sexu-obsesioa ere badu. Nahiz eta ikasle bikaina izan, oso pertsona itxia da eta uste du leku guztietan bekatua dagoela. Loredik inkisidore biekin egiten du topo istorioan. “Zazpi alabatatik zazpigarrena da. Zazpi semetatik zazpigarrena familiaren heroia seguru izango zen; zazpi alabatatik zazpigarrena, nahitaez, sorgina. Txikitatik hartzen dute sorgintzat eta zergatik hain arraro begiratzen dioten oso ondo ulertu barik hazten da. Aita artzaina da eta mendira eramaten du biziraun dezan”.

 

Atsoen kontuak

Egileak ehiza politikoa eta misoginoa irudikatu du Sorgin belarra eleberrian. Era berean, Nafarroako Pirinioetako jendearen bizimodua eta sinesmenak jasotzen ahalegindu da. “Aberrazio baten istorioa da, izan ere, exekutatu zituztenez gainera, beste hainbat eta hainbat zigorren ondorioz hilko ziren seguruenik: zigorradak, ezkerreko oina moztea, kartzela…”. Bestalde, gogora ekarri duenez, Calahorrako eta Zugarramurdiko prozesuetan izan ezik, Espainiako Inkisizioa ez zen sorginen auzietan nahasten. “Atsoen kontuak zirela uste zuten. Haiei kristaututako juduak eta musulmanak interesatzen zitzaizkien, homosexualak, ezkondu gabe elkarrekin bizi zirenak, luteranoak… Horregatik da hain gogorra Nafarroaren kasua. Halaber, beste herri batzuetako Inkisizioak ez bezala, Espainiakoak ez zituen hiltzen sorginak zirela onartzen zutenak, horiek galeretara zigortzen zituen, zigorradak hartzera, edo       erbestera bidaltzen zituzten. Hortik beste ondorio bat atera daiteke: mende bitan exekutatu zituzten 1.000 lagun inguruk ez zuten inoiz aitortu sorginak zirenik”.

“Espainian, mende bitan exekutatu zituzten 1.000 lagun inguruk ez zuten inoiz aitortu sorginak zirenik”

Arbasoek larreetako belarrak erabiltzen zituzten gaixotasunak sendatzeko. Batzuk pozoitsuak ziren, beste batzuek ezaugarri haluzinogenoak zituzten eta beste batzuk sendagarriak ziren. Belarrek ere, jakina, lekua dute eleberrian, eta lanari izenburua ematen diona belladonna da, sorgin belarra.  

 

Biblioteka Toti Martinez de Lezea

Bestetik, larrabetzuarrak Nur gaztetxoentzako ipuin bildumaren hamabosgarren liburua ere kaleratu du: Nur eta Olentzero. “Istorioa Larrabetzun da, Gabon egunean, eta protagonistak herriko umeak dira. Neguko solstizioa azaltzen diet bertan, eta ikazkinaren kondaira. Horri dagokionez, kontuz ibili behar izan dut: nire liburuak irakurtzen dituzten gaztetxo batzuek dagoeneko ez dute sinesten Olentzero existitzen dela; beste batzuek, berriz, oraindik jarraitzen dute sinesten. Beraz, zorrotz jokatu behar izan dut, batzuei eta besteei atsegin emateko”. Liburuarekin batera, irakurle gazteek errezeta liburu bat jasoko dute, zenbait plater egiten ikas dezaten.

Idazleak beste argitaletxe batzuekin kaleratutako liburu asko agortuta daude, baina irakurleek oraindino eskatzen dituzte. Ereinek eta Martinez de Lezeak bilduma berri bat aterako dute liburuak berrargitaratzeko. “Biblioteka Toti Martinez de Lezea deituko da eta liburuen fomatua formatu arruntaren eta poltsiko liburuaren artekoa izango da. Orain arte idatzitako eleberri guztiak emango ditugu argitara, eta lehenak El jardín de la oca eta El verdugo de Dios izango dira”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).