Goikolanda Kirol Taldea: “Bizkaia eta Erandio ezagunagoak dira Europan, ‘Txuma’ lasterketari esker”

Aikor aldizkaria 2007ko api. 18a, 13:29
Txorierrik zaleentzako Europako nazioarteko lasterketarik onena hartzen du. Goikolanda Kirol Taldeak Jesús María Olagüe ‘Txuma’ Txirrindulari Klasika Internazionala antolatzen du urtero. Javier Gorostidi harreman publikoetako arduradunak xehetasun guztiak eman dizkigu. Euskal Herrian txirrindularitza kirolik nagusietakoa dela ez da kontu berria, baina kluba eratzea lasterketa bat urtean behin antolatzeko gehiegi da, agian. Ez dute gauza bera pentsatu, hala ere, Goikolanda taldekideek Jesus Maria Olagüe ‘Txuma’ Txirrindulari Klasika 1994an sortu zutenean. Eta eskerrak! Gaur egun, Europako onenetarikoa baita, Javier Gorostidi harreman publikoetako arduradunaren esanetan. “Hemengo irabazlea, normalean profesional bihurtzen da laster”. Samuel Sanchezek edo David Herrerok, esate baterako, ez zuten garaipenik lortu ‘Txuma’ memorialean, baina gaur egun txirrindulari txukunak dira. Lasterketa maiatzaren 26an egingo da, eta azken urteotako ibilbide bera du, gogorra bezain polita. Hain polita den, ezen datorren urteko Euskal Herriko Itzuliko etapa bat bertan egiteko asmoa dagoen. Irteera eta helmuga Erandio Goikoan dugu, eta tropelak Loiu, Unbe, Sopela eta Berango gurutzatuko ditu. 1997an nazioarte mailara zabaldu zenetik, pelotoiak mundu guztietako 200 txirrindulari inguru biltzen ditu. Aurten Walonia, Australia edota Holandatik etorritako sei talde atzerritar ikusteko aukera dago. Horiei Estatuko 11 talde eta 11 euskaldun gaineratzen zaizkie. Kanpotik zenbait eskaera jaso dituzte, baina ezinezkoa da guztiei erantzuna ematea. “Itxaronzerrenda dugu: behin Israelgo selekzioak eskaera bota zigun. Gastuak eurek ordainduko zituztela proposatu ziguten, baina azkenean ezetz esan behar izan genien, segurtasun-eza dela-eta”, dio Gorostidik. Zaleentzako lasterketa Lasterketaren garrantzia ez dago zalantzan. “‘Txumaren’ bidez, Euskal Herria, Bizkaia eta Erandioko izenak apur bat ezagunagoak dira eta horrek harrotzen gaitu”. Ospe handiagoa ere lortzeko aukera izango luke, akaso, profesionalek parte hartuko balute, baina antolatzaileek ez dute nahi. “Alde batetik, betidanik zaleentzako memoriala izan da, eta ez dugu ‘Txumak’ zuen sena hori txokoratu nahi; beste alde batetik, uste dugu batzuetan profesionalek lehian sartu beharrean, paseatzera etortzen direla, eta lasterketa askotan adibideak ikusten ditugu”, argudiatu du Goikolandako taldekideak. Eta txirrindulari profesionalak ekartzeko dirua badute antolatzaileek. Izan ere, 60.000 euro inguruko aurrekontua dute esku artean, “lasterketa profesional askotan baino gehiago”, hain zuzen ere. Diruak taldeak kontratatzeko, publizitatea jartzeko edota federazioen kuotak ordaintzeko balio du. Bitxia da, baina zaleentzako txirrindularitza bultzatzen dute eta horren truke 800 euro batez beste kobratzen dute UCIk (Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna), Espainia, Euskadi eta Bizkaiko federazioek. “Egunen batean Txorierriko federakundeak eratu beharko dugu etekinak ateratzeko”, aipatu du Gorostidik txantxetan. Sariak ere oparoak dira. Etorkizunari begira, Gorostidi ez da oso baikor agertu. “Noizbait Memoriala desagertuko dela badakigu. Izan ere, nik, gazteenetariko bat izanda, 63 urte dauzkat. Ez dago ordezkorik, baina ulertzekoa da: 30 urtekoren batek betebehar asko ditu (hipoteka, emaztea, seme-alabak, lana…) eta oso zaila da aisialdian horrelako lasterketa antolatzea. Gainera, ez dago diru-etekinik”. Hori gertatu arte, benetako txirrindularitzaz gozatzeko aukera dago etxetik gertu, Txorierrin bertan. Informazio guztia: www.txuma.org ‘Txuma’, laguna eta bizikletazalea Jesús María Olagüe ‘Txuma’ Erandio Goikoko apaizak zaletasun handia zuen bizikletarako. “Behin Frantziako Tour oso bat jarraitu zuen kotxez”, aipatu du Javier Gorostidik. Gainera, bizikletaz txagoak egiten zituen eta herriko jaietan lasterketaren bat antolatzen zuen. “Familia Nafarroatik zetorren, baina bera Berangokoa zen. Hala ere, oso integratuta zegoen herrian eta jendeak maite zuen. Pertsona zoragarria zen. Taldearen zuzendaritzan gaudenok bere lagunak ginen, bere laguna ez izatea benetan zaila zelako”. Ez da harritzekoa, beraz, adiskide talde hark lasterketa antolatzea Txumaren omenez, apaiza hil zenean. “Juan Antonio Esparta klubaren presidenteak eskarmentu handia du txirrindularitzan: Olarra taldearen sustatzaileetako bat da, eta hainbat lasterketa bultzatu ditu. Memoriala egiteko laguntzaren eske etorri zitzaigunean, betiko adiskideok ezin esan genion ezetz esan”, ekarri du gogora Gorostidik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).