Bizigune Zabal egitasmoa: gune bizia eta biziteko

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 26a, 11:53
Bizkaiko sei familiak Bizigune Zabal proiektua jarri dabe martxan urtarrilean Larrabetzun. Haurtzaindegia dala esan daikegu lagunarteko berbakerean; halanda be, printzipio berezi bitan oinarritzen da: umearen berezko jarduera, harek ikasteko dauan era da; eta ume bakotxaren bizitza-prozesua eta erritmoa errespetatu behar dira. Herri ezberdinetako familiak dira: Zornotza, Lekeitio, Dima, Areatza, Larrabetzu eta Turtzioz. Eta guztiek gauza bi dabez komunean: hiru eta sei urteren bitarteko seme-alabak dabez, eta eskolara oraindino ez eroatea erabaki dabe. Pentsatzen dabe goiz dala eta umeek ez dabela behar. Familiek Haurdun Bilboko alkartearen bidez ezagutu dabe elkar, eta euren artean sare bat osatu dabe. Urte eta erdi daroe berezko bilerak egiten, plazetan, etxeetan..., guraso legez dabezan esperientziak eta kezkak alkartrukatzeko. “Baina gure beharrak beterik baegozan be, seme-alabenak beste batzuk zirala konturatu ginan, eta leku egokia behar ebela euren gaitasunak garatuteko”. Leku hori Goikoelexaldeko txokoan topatu dabe. Proiektuan zazpi umek hartuten dabe parte, eta txokoa euren beharrizanetara egokitu egin da. Gurasoek euren poltsikotik jarri dabe dirua materiala erosteko, baina dohaintzak be jaso dabez hainbat alkartetik. “Leku seguru bat eskaini gura deutsegu, fisiko zein emozio arloan. Gune aberats bat, euren beharrak eta hazkuntza-erritmoa errespetatzen dauana eta gauzak egiteko aukerea emoten deutsuna”. Zazpi umeak martitzen, eguazten eta eguenetan joaten dira txokora. Goizeko 11tatik eguerdiko ordu bietara arte beharrean pasaten dabe denborea. Olgetan, margoten, korrika, saltoka, ipuinak entzuten... ikasten, azken baten. Bitartean amek zaintzen dabez, zaindu eta hezi. Amek txandak egiten dabez eta egunero hiru nagusi dagoz umeakaz. “Gure eginkizun nagusia umeak zaintzea da. Ez dogu telefonoa hartzen, ez gabilz berbetan gure artean... Ordu-bietan bazkaria konpartitu eta arratsaldeko lauretarako libre ixten da txokoa”. Arimagaz bat Proiektuaren arduradunek Larrabetzuko Kultura Batzordera jo eben euren beharrizanak jakinarazteko, eta txokoa urte bian erabilteko baimena emon eutsen Udalak. Horren ordez, herritarrei zuzendutako ekitaldi bi antolatu behar dabez urtean, eta lehenengoa otsailean bertan egingo da. Hilaren 13an, arratsaldeko 7etan, proiektua aurkeztuko dabe jente-aurrean, eta hilaren 14an eta 15ean El cuidado del alma infantil ikastaroa egingo da. Ikastaroa Cristobal Gutiérrez hezitzaileak emongo dau. Ekitaldi biak Anguleri jauregian izango dira. “Umeak bat datoz euren arimagaz eta ikastaroan gu be gure arimagaz bat etorten ikasiko dogu. Holan, umeen alaitasun eta bizitasun horreei eutsiko deutsegu”. Bizigune Zabal oso egitasmo barria da eta arduradunei txorierritarrek zein beste herrietako lagunek bertan parte hartutea gustatuko litxakie. “Hazkuntzaren laguntza-taldea sortu gura geunke. Aitek eta amek osatutako taldea, bizitzan zelan jokatuten dogun errepasatuteko, eta umeakaz dogun harremanagaz baliatuz, pozago biziteko”. Informazio gehiago: caibilbao@gmail.com (Angela Menica).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).