Santi Antero, Txan magoa: “Magia norberaren barruan dago”

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 26a, 11:58
Sobera ezaguna da Txorierrin, izan ere, behin baino gehiagotan eduki dugu bere magiaz gozatzeko aukera. Txan magoa gure artean azken aldiz Loiun egon zen, Euskara Egunean antolatutako ekitaldien barruan. Denbora pasatu da ordutik hona, baina oraingoan ere, atsegina izan da Santi Anterorekin hitz egitea. Zelan tratatu zaituzte txorierritarrek? O! primeran! Euskal Herriko publikoa oso fina da orokorrean, baina ikuslego bizkaitarra askoz beroagoa da. Badaki gauzez gehiago disfrutatzen. Dena dela, guztiek pasatzen dute ondo; bizkaitarrek batez ere. Magia ilusio optikoa da gehienontzat, abilezia... Zer da zuretzat? Egoera bat. Ez dut esango sentimendua denik, baina bai sentimenduekin jolasten dugu, emozioekin... Magia ez da soilik trikimailua. Trikimailuan magiaren oso zati txikia dago, benetako magia ikuslegoaren imajinazioan ematen baita. Eta zaila da hori manipulatzen. “Magia ez da existitzen!”, diote umeek; baina, bai, magia norberaren barruan dago. Egin behar den gauza bakarra aktibatzea da, eta nor da aktibatzailea? Ba, magoa. Eszenatokira igo eta hainbat tramankuluren manipulazioaren bidez magia lortzen dugu magoek. Hor dago magiaren handitasuna. Eta noiz deskubritu zenuen zuk zure barruko magia hori? Gurasoek taberna bat zuten eta bezero batzuek sasi magia egiten zuten. Baina bederatzi edo hamar urte nituela oso gau magikoa bizi izan nuen, benetan. Domeka gaua zen, euritsua eta trumoitsua, eta gu ixtear geunden. Agure atzerritar bat sartu zen eta aitari brandy bat eskatu zion. Baita kartak ere, niri magia egingo zidan-eta. Karta bat aukeratu eta hori sortatik desagertu egin zen. Eskegita zegoen bezero baten jakaren poltsikoan agertu zen... Eta taberna nahiko handia zela kontuan hartuta! Nik aukeratutako karta! Nire karta-sortaren karta! Aho bete hortz gelditu ginen hor geunden guztiok. Atzera begiratu, eta magoa ez zegoen ordurako. Horrek sartu zidan niri magiaren pozoia gorputzean. Umeei zuzendutako ikuskizunek ospetsu egin zaituzte; hala ere, nagusientzako magia egiten duzu. Umeek magiaren bitartez gozatu egiten dute, baina beste modu batean; hau da, euren fantasiazko munduaren perspektibatik. Trikimailuak, ispiluak, imanak... daudela badakite, baina bost axola. Helduok, berriz, logika laukidunagoa dugu eta aretoan oso ondo banatzen dira paperak: alde batetik, ikusleak; eta bestetik, magoa. Askoz errazagoa da magia helduentzat egitea; umeen aurrean biluzik sentitzen gara eta kontu handiagoz ibili behar gara. Indarrak hartuta igo behar gara eszenatokira. Magoa ez ezik komunikatzailea ere bazara... Bai, askotan hasten naiz hitz egiten eta ahazten zait zertan nabilen! (kar,kar) Publikoarekin ederki konektatzen duzu, zelako ezaugarriak izan behar ditu magia saio on batek? Lehenengo eta behin, eta publiko motaren arabera, magia egokia aukeratzen jakin behar da. Umeak badira, adibidez, ezin dira karta jokoak egin, aspertuko direlako. Ikus-jokoak izan behar dira, eta magoa ere “karrankaria” izan behar da. Helduekin, ordea, ez duzu halako estratagemarik behar. Hala ere, magoak izaera izan behar du kasu bietan eta eszena menpean eduki. Ikuskizuna nola irtengo den lehenengo segundoan ikusten da: magoak bere buruan konfiantza badu, gusturago sentituko da publikoa. “Artxila murtxila” Euskal Herriko magiaren lelo bihurtu da? Oso istorio bitxia da. Duela hamar edo hamabost urte kanpaldia egin genuen Anoetan abiadura handiko trenaren aurka. Jose Mari Karrere ipuin kontalaria ere bazegoen bertan eta hala esan zidan: “Aizu, magia potagia eta halako hitzak badaude, baina guk ez dugu hitz magikorik euskaraz”. Ezagutzen zuen Iparraldeko agure batek amonari “artxila murtxila” hitzak entzunak zituela aipatu zidan. Emakumeak akelarretan erabiltzen zituen, antza. Nik ere ikuskizunean erabiltzea erabaki nuen. Eta zerbaitez harro banago, horretaz da. Izan ere, ordura arte ez genuen euskal hitz magikorik izan; are gehiago, “artxila murtxila” ez dira jadanik Txan magoaren hitz magikoak; Euskal Herriko hitz magikoak dira. Anekdotak ere badaude. Gertatu da kanpoko magoa bertoko aretoetara etortzea eta umeei esan: “Beno, eta orain hitz magikoak esango ditugu. Bat, bi eta hiru...”. Magoa isilik, eta publikoa ere bai. “Baina ez dituzue hitz magikoak ezagutzen? Bat, bi eta hiru...” Eta areto osoak esan du: “Artxila murtxila!”. Eta magoa, aho bete hortz. Oso gauza handia da niretzat. Euskal Herriko magorik ezagunena zara. Magia munduan hasi eta handik gutxira telebista zapaldu nuen. Zortzi urte eman nituen programa batetik bestera, eta telebistak zerbait ematen badu, hori ospea da. Eta beste alde batetik, noski, eskaintzen dudan ikuskizunak kalitatea du. Horrezaz gainera, ez ditut umeak umeak bezala tratatzen, pertsonak bezala baizik, eta asko eskertzen dute. Era berean, trikimailu hutsak egin ez ezik mezuak ere botatzen ditut ikuskizunetan: elkartasuna, behartsuei laguntzea, beste umeen errealitatea aipatzen diet... Magiaren ikusle ona da mago bat? Kultura duen pertsonak badaki lekuan egoten. Nik flipatzeko gaitasuna dut. Badakit beste mago batek trukuak nola egiten dabilen, baina gustatzen bazait, flipatu egiten dut. Eta magia edo ilusioa ez dira desagertzen horregatik. Magia ez delako harridura, engainua edo sorpresa; emozioa baizik. Txan magoa emozio bila dabil bere ikuskizunetan, publikoa saio batean hunkitzen bada, ez duelako bere bizitza osoan ahaztuko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).