Derioko literatura tailerra: Poeta hilen kluba

Aikor aldizkaria 2011ko api. 20a, 09:51
t/a: Gaizka Eguskiza
Askori gustatzen zaie irakurtzea, baina sarritan zaila da zaletasun berbera duten beste lagunak topatzea. Derion irakurle eta idazleen topagunea sortu zuten duela bost urte, eta bertan lehenengo pausuak ematen dira literaturan. “O, kapitaina, nire kapitaina!” esaten zioten ikasleek Robin Williamsek jokatutako literatura irakasleari, 1989ko Poeta hilen kluba filmean. Pelikula hartan maisuak liluratuta uzten zituen ikastetxe kontserbadore eta zorrotz baten ikasleak poesia eta bizitzari buruzko solasaldietan. Derioko Udalak ere kluba sortu zuen, eta asteazken arratsaldero 10-15 lagun biltzen dira irakurri, idatzi eta oro har literaturarako zaletasunaz elkarrekin gozatzeko. Lehen liburutegian batzen baziren ere, orain Kultur Birika areto berrian egiten dute tailerra. Derioko taldeko “kapitaina” Iñigo Larroque da. Bere esanetan, ikastarora etortzen direnek interesa dute literaturan, bai oso sarritan irakurtzen dutelako, bai idazten dutelako. Baina tailerraren helburua ez da idazleak sortzea, “lantegi bat izango bagina moduan”, parte-hartzaileen jarrera kritikoa bultzatzea baino. “Ni batez ere gogoa helarazten saiatzen naiz. Nahi duena, idazlea izan dadila; nire aldetik, problemarik ez, baina tailerrean ez dut ikasgai magistralik ematen. Literaturara hurbiltzeko lehen pausua da, besterik ez”. “Hasieran datozenek ez dakite zehatz-mehatz zer topatuko duten: jokoak egongo diren, irakurketak, idazlanak...”. Eta egia esan, denetarik dago. Tailerra bi zatitan dago banatuta normalean. Lehenengoan, irakurmena da nagusia. “Liburu bat irakurtzen dugu hilean eta horren gainean hitz egiten dugu; bestela, nik egileren baten zatitxoa irakurtzen diet eta horren inguruan egiten dugu berba”. Bigarren zatian, idazmenak hartzen du lekukoa, eta ikasleek eurek idatzi behar dute zerbait. “Nahi duenak ozenki irakurtzeko aukera du eta denon artean komentatzen dugu”. Ikasleek idatzitakoa plazaratzen dute urte amaieran Huellas liburuan. Talde anitza Irakurtzeak idazteak beste garrantzi du literaturan, eta hori jakinarazi die Iñigok ikasleei. “Irakasleak gehiago irakurtzeko deia zabaldu zigun eta horri esker, hobeto idazten dugu gaur egun”, esan digu Fernando ikasleak. Harekin batera, lagun-talde anitza biltzen da tailerrean literaturaz mintzatzeko: emakumezkoak, gizonezkoak, jubilatuak, gazteak, etxekoandreak, abokatuak, txorierritarrak, kanpokoak.... Gaiei dagokienez ere, oso anitza da ikastaroa: poesia, prosa, klasikoak, garaikideak.... Ikasleek egileen ezberdinen berri izaten dute, besteak beste Shakespeare, Nurakami, Unamuno, Chéjov, Cabrera Infante, Juan Ramón Jiménez edo Kirmen Uribe. Normalean Iñigok proposatzen ditu liburuak, baina behin baino gehiagotan ikasleek ere iradokizunak zabaltzen dituzte. “Etortzen dena, gelditu egiten da, ikasle zintzoak garelako eta ondo pasatzen dugulako”, dio Fernandok. Adibide haietako bat Oihana da. “Amak irakurtzera etorri nahi izan zuen, eta laguntzeko esan zidan. Hasiera batean txarto pasatu genuen idazteko ohiturarik ez genuelako, baina gero hobeto ibili ginen, eta orain poz-pozik gabiltza”. Bikoteak bigarren aldiz eman du izena ikastaroan aurten. “Idatzi eta irakurri bakarka egiten dugu eta batzuetan zaila da zaletasun horrekin bat egiten duen bateren bat topatzea. Eta hori ikastaroan dugu. Norberaren lanari buruz elkarri egiten dizkiogu kritikak eta, horrela, pausoz pauso, gauza asko ikasten dugu”, dio Iñigok. “Oso giro polita sortu da taldean: irakaslea jatorra da, ez dugu gauzak ozenki esateko edo proposamenak plazaratzeko beldurrik, elkarri laguntzen diogu....”, aipatu du Fernandok. Liburuak dira ikastaroaren funtsezko osagarriak, noski, baina ez bakarrak. Izan ere, batzuetan zine-foruma erer egin dute Gurea Aretoan. Literatura abiapuntutzat hartuta, irteerak egitea edo arte-erakusketak ikustera joatea ere pentsatu dute inoiz. Beste proiektu bat tailerra euskaraz ematea da, baina momentuz egitasmoa baino ez da. Poeta hilen kluba filmeko irakasleak bizitzaz gozatzeko esaten zien ikasleei; Derioko lagunek ere primeran pasatzen dute, eta inoiz aspertzen badira, libururen bat izango dute eskura.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).