Jose Migel Etxeandia, aske Larrabetzun: “Kartzelea eta gaixoa bateratuezinak dira”

Aikor aldizkaria 2016ko urt. 28a, 10:15
Jose Migel Etxeandia larrabetzuarra abenduaren 28an atera zan Topaseko kartzelatik (Salamanca), 12 urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra bete ostean; hau da, zigor osoa bete ondoren. Larrabetzuarrek ongi etorria emon eutsien egun horretan bertan, eta plazan ehunka herritar eta txorierritar batu ziran. Etxeandiak bederatzi urte emon ebazan iheslari, eta Mexikon egoala, hango poliziak atxilotu eban 2003. urtean, legez kanpoko egoiliarra zala argudiatuta. Herritik bota eta Estadura ekarri eben, Guardia Zibilaren esku ixteko. Larrabetzuarra hiru egunean bakartu eben, eta salatu eban denporaldi horretan tratu txarrak jaso ebazala. Salaketea artxibau egin zan. Soto del Realeko kartzelara eroan eben eta epaiketea handik urte bira izan zan. Hamabi urtean zazpi kartzelatan egon da; Aranjuez, Mansilla de las Mulas (Leon), Herrera de la Mancha eta Burgos, tartean. Larrabetzuarrak nahasmendu obsesibo-konpultsiboa dauka eta Herrera de la Manchako kartzelan egoala, hango medikuak txosten bat egin eban, eta han adierazi eban, bere gaixotasuna zala-eta, Etxeandia ezin zala lehen graduan egon. “Bigarren edo hirugarren gradua emoteko gomendioa egin eban, eta Alcalara eroan. Urte eta erdian izan nintzan Alcalan eta bigarren gradua emon eusten bertan. Handik Burgosera eroan ninduen; eta Burgosetik Topasera. Hasieran, bigarren gradua euki neban han be bai, baina istilu bat euki neban funtzionario bategaz eta urte bian bakartu ninduen”. Etxeandiaren psikologoaren ustez, ez zan gomendagarria gaixoa bakartuta egotea, eta bigarren gradua emon eta etxetik gertuko kartzela batera eroateko aholkua emon eban, Burgosera edo Martutenera. Hori guztia txosten baten jaso eban. “Kartzelako tratamentu-batzarrak onartu eban txostena, baina Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak uko egin eban, eta zigor osoa bete arte jarraitu neban Topasen, eta lehen graduan. Kate-mailarik ahulena preso gaixoa da eta berarengan egiten da presinoa”. Gehiago aktibau Etxeandiaren esanetan, kartzelea ez dago prestauta preso gaixoei arreta egokia emoteko. “Kartzelea eta gaixoa bateratuezinak dira. Eta edozein gaixotasun motaren inguruan ari naz, gainera. Gripea be harrapaten badozu, agur! Pentsa eizue, beraz, zerbait larriagoa badaukazu”. Bere ustez, espetxe-zigor arindua, kontrol-unitate telematiko bat erabilita, konponduta dago. “Baina PP alderdia Espainiako gobernuan dagoanetik ez jako inori espetxe-zigor arindua emon”. Are gehiago, aitatu deusku azken lau urteotan espetxeko bizi-baldintzak asko gogortu dirala. “Presoak etxetik urrunago eroan dira eta ez da kontzesinorik emoten. Kartzela barruan be sakabanatzea dago. Izan be, lehen, modulu baten, hiruzpalau euskal preso bagengozan; orain bi dagoz. Era berean, lehen gradua badaukazu, ezinezkoa da bigarrena eskuratzea; baina bigarrenetik lehenera pasetea, ostera, erraza da”. Urtarrilaren 9an manifestazinoa egin zan Bilbon, presoen eskubideen alde, eta Etxeandiak parte hartu eban bertan. “Babesea inportantea da, baina nik neuk uste dot gizarteak oraindino gehiago aktibau behar dauala, Gobernua presionetako. Presoen aldeko mobimenduak handiagoa izan behar dau eta mobilizazio gehiago egin behar dira. Euskal Herri osoarentzat da inportantea”. Etxeandiak 21 urte eta hilabete batzuk emon dauz Larrabetzutik kanpo eta kartzelatik kanpoko bizimodura ez ezik, herriko bizitzara be egokitzen dago. “Nasaitasunez hartu dot eta egokitzapena astiro doa, baina ondo. Gauza barriak ikusten nabil, jentea agurtzen... eta dana da pizgarria. Gainera, pozik nago, kalean aukerea daukat Euskal Herriaren alde lan egiteko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).