Iaz auto-istripuz hil ziren hiru gazteei omenaldia egin diete Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 1a, 19:18
Duela urtebete Iñaki Gallastegi, Gorka Fernandez eta Alain Romero gazteak auto-istripuz hil ziren Larrabetzun. Lagunek omenaldi hunkigarria egin zieten pasa den domekan herriko frontoian, eta bertara jendetza handia batu zen; ikaskideak eta Txorierriko beste herrietako lagunak, haien artean. Antolatzaileek azaldu diguten moduan, egun horretan egin zituzten ekitaldi guztiek zenbaki bat zuten komunean: 3a, “haiek hiru direlako”. Horrela, Las Furias taldeak (3 taldekide) abesti batzuk eskaini zituzten eta horren ostean, hiru kiroletan (eskupilotan, futbolean eta sokatiran) aritu ziren. Musika Eskolako hiru xirulariek Xalbadoren heriotza abestia jo, eta Bertso Eskolako hiru lagunek bertsoak bota zituzten. Omenaldia amaitzeko, Agurra dantzatu zieten eta lore sorta bat utzi zuten frontoian hiru gazteen oroipenean jarritako plakan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).