Txorierriko Korrika aurkeztu dute

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 5a, 12:49
Joan den ostiralean AEK-ko lagunek Txorierriko Korrika aurkeztu zuten Sondikako Kultur Etxean. Aurtengo Korrikak 15. edizioa beteko du, eta arduradunek Heldu aukeratu dute lelotzat: heldu herriari, hitzari, elkarlanari, euskarari eta lekukoari, hain zuzen ere. Euskararen aldeko lasterketak helburu bikoitza du: alde batetik, euskara suspertzea, eta, beste alde batetik, dirua biltzea. Izan ere, Iparraldeko eta Nafarroako euskaltegiek, batez ere, premia handiak dituzte, eta aurten batuko den dirua Nafarroako euskaltegiei laguntzeko erabiliko dute. Horrezaz gainera, aurtengo edizioan euskal emakumea omenduko da, euskararen biziraupenean izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatzeko. Sondikako Kultur Etxera hainbat euskaltzale batu ziren. Duela bi urteko Txorierriko Korrikaren bideoa ikusteko aukera izan zen, eta AEK Txepetxa euskaltegikoek aurtengo edizioaren gakoak azaldu zituzten. Korrika 15.eko bideoa jarri eta horren ostean, luncha eskaini zuten. Martxoaren 22an Karrantzan hasi eta apirilaren 1ean Iruñean amaituko da Korrika, Euskal Herrian zehar 2.150 kilometro egin ostean. Kalkuluen arabera, martxoaren 26an, 18:00ak inguruan, ailegatuko da Erandio Goikora. Bertatik Bilbora joan, eta 22:00etan Sondikatik sartuko da Txorierrira.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).