Eskultura batek agurtu egiten ditu Deriora sartzen eta herritik ateratzen direnak

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 24a, 15:07
Atzo eskultura berri bat inauguratu zuten Derioko sarreran. Eskulturak ‘Agurra’ du izena eta Eneritz Amondarain eta Idoia Zuloaga eskultoreek egin dute. Lanaren izenak berak adierazten duen moduan, eskulturak Txorierri Etorbidetik herrira sartzen direnak eta bertatik irteten direnak agurtzen ditu. Eskulturan hiru pertsona daude bata bestearen gainean. Goian dagoenak altxatuta ditu eskuak eta bidaiariari agur egiten dio. Era berean, eskulturaren goiko aldean uso bi elkarri lotuta agertzen dira. Egileek azaldu duten moduan, horrek esanahi batzuk ditu: “alde batetik, usoa bakearen irudi unibertsala da eta eskultura honekin bakearen alde lan egiten dutenak omendu nahi ditugu, eta beste alde batetik, lanak Txorierri etorbidea ere omentzen du”. Lander Aiarza Derioko alkatea pozik agertu da herriko sarreran jarri den lanarekin eta adierazi duen moduan, jendeak eskultura hori herriko erreferentetzat hartzea espero du. Inaugurazio-ekitaldira Udaleko ordezkariak eta herriko kirol eta kultura elkarteetako kideak hurbildu ziren.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).