Eskolako umeentzako zinema, euskaraz eta Txorierrin bertan

Aikor aldizkaria 2007ko aza. 7a, 15:58
Eusko Jaurlaritzak eta Tinko euskara elkarteak hitzarmen bat sinatu zuten duela zenbait urte. Erakunde biek adostu zuten moduan, urtero ikastetxeetako ume eta gazteei zuzendutako gutxienez zortzi pelikula euskaratu behar ziren eta, horrezaz gainera, film horietako unitate didaktikoa ere egin behar zen, ikasleek klasean jorra zezaten. Txorierriko ikasleak orain arte beste herri batzuetako zinemetara joan dira euskarazko filmak ikustera, berton ez baitzegoen film-aretorik. Maiatzean Gurea Aretoa zabaldu zuten Derion, eta Mankomunitateak aukera hori aprobetxatu nahi izan du, Eusko Jaurlaritza eta Tinko elkartearen arteko ekimenean parte hartzeko. Horrela, sei urtetik zazpi urtera bitarteko Txorierriko herri ikastetxeetako umeek Prop eta Berta euskarazko pelikula ikusteko aukera izango dute datozen astelehenean eta martitzenean Gurea Aretoan. Ekimen horretan 245 ikaslek parte hartuko dute eta eskoletara unitate didaktikoak, bat ume bakoitzeko, aginduko dira, filma klasean lan dezaten. Ekimena arrakastatsua bada, Gurea Aretora filma gehiago ekarriko ditu Mankomunitateak urtarriletik aurrera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).