Hegazkinek teilatuetan sortzen dituzten kalteak ordainduko ditu Aenak

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 21a, 15:33
Derioko zenbait etxebizitzaren teilatuetan kalteak sortu dira, eta aurreko hilabeteotan ikerketa bat egin da, hegazkinen hegalaldiek kalte horiekin zerikusirik izan duten jakiteko. Aenatik jakinarazi duten bezala, etorkizunean prozedura bat ezarriko da, hegalaldiek kalteetan eragina izan dutela egiaztatzen bada, teilatuak konpontzeko. Horren haritik, aireportuko 30 eremutik hurbil dauden eraikinak jo dituzte kaltea jaso dezakeen gunetzat. Auzokideek kaltearen berri eman beharko dute, eta teknikari batek hori hegazkinek sortu duten aztertuko du. Horrela bada, konponketa Aenak ordainduko du. Beste alde batetik, udan intsonorizazio-lanei ekin diete Derioko institutuan eta eskolan. Lanok institutuan amaitu dituzte, eta nahiko aurreratuta daude eskolan. Ingurumenaren jarraipen-batzordeak 1.650.778 euroko diru partida onartu du, Aireportuaren Isolamendu Akustikoaren Plan barruan dauden etxebizitzak intsonorizatzeko. Era berean, oniritzia eman du hainbat eraikinetan egin diren intsonorizazio-lanak ordaintzeko. Lanok 965.279 euro balio izan dute. Dagoeneko 106 etxebizitza intsonorizatu dituzte Txorierrin, eta lanak beste 110 etxetan egiten dabiltza.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).