Alberto Martinez de la Cuadra, itzultzailea: “Acheberen eleberriak puskatu egiten du europarrek afrikarrei buruz eginiko erretratu estereotipatua”

Aikor aldizkaria

Elkar eta Aberdania argitaletxeek hiru liburu berri gehitu dizkiote euskarazko literaturaren zerrendari: Ernesto Sabatoren ‘Tunela’, Gesualdo Bufalinoren ‘Gaueko gezurrak’ eta Chinua Acheberen ‘Gainbera dator dena’. Alberto Martinez de la Cuadra Lagatzuko euskara elkartearen kideak azken hori euskaratu du. Zeri buruzkoa da Gainbehera dator dena eleberria? Eleberriaren istorioa 1860tik 1890era bitarteko urteetan gertatzen da eta Nigeriako gobernu kolonialaren eta iboen kultura tradizionalaren arteko gatazka azaltzen du. Okonkwo Umuofiako ibo komunitatearen buruetako bat da. Borrokalari indartsua eta nekazari aberatsa da, baina barruan badu grina bat: aitaren alferkeriak eta arduragabekeriak utzitako estigma gainditzea. Iboen gizartea ez da idilikoa. Lege eta ohitura batzuk zorrotzegiak dira eta halako bat da Okonkwo erbestera daramana. Herrira itzultzen denean, gauza asko aldatu dira Umuofian: misiolariak eta zuriak etorri dira. Okonkwok administrazio kolonialaren aurka borrokatuko du bere jendearen kulturari eta ohiturei eusteko. Zelan sartu zinen liburu hau euskaratzeko proiektuan? Liburu hau ingelesetik itzuli dut eta Literatura Unibertsala bildumaren barruan argitaratu da. Bilduma hori beste hizkuntzetan sortu diren literatura lan ederrenek osatzen dute. Urtero, lehiaketa bat egiten da eta nire itzulpena hautatu zuten iaz. Liburua irakurtzeko arrazoi bi. Eleberri honek puskatu egiten du europarrek eta, bereziki, eleberri kolonialek afrikarrei buruz eginiko erretratu estereotipatua. Afrikako gizartea primitibo, inozo eta atzeratua zela uste zuen Mendebaldeari Achebek erakutsi nahi izan zion gizarte konplexu eta dinamikoa zela. Eleberriak afrikarren ikuspegitik ematen du esperientzia kolonialaren berri. Beste alde batetik, liburu hau ingelesez idatzita dago eta klasikotzat hartuta dago ingelesez hitz egiten den herrialde guztietan. Gainbehera dator dena Afrikako eleberri modernoaren arketipotzat jo da eta Achebe afrikar literaturaren aitatzat hartua izatera eraman du. Egilearen biografia Chinua Achebe ibo etniakoa da. Unibertsitatean lizentziatu ondoren, NBCn hasi zen lanean, baina irratiko bere ibilbidea Biafrako Gerraren aurreko gorabeheren ondorioz geratu zen etenda. Biafrako gerran, enbaxadore gisako rola bete zuen eta Afrikan eta Europan zehar bidaiatu zuen Biafra estatutzat ezagutua izatea lortzeko. Gainbehera dator dena liburuaren ondoren, beste eleberri batzuk, saiakerak eta poemak idatzi ditu. Nigerian auto istripu bat izan zuen 1990ean; harrezkero elbarri dago eta AEBetan bizi da. Gaur egun, irakaslea da New Yorkeko Bard Unibertsitatean. Itzultzailearen biografia Alberto Martínez de la Cuadra Euskal Filologian lizentziatua da. Lanbidez, itzultzailea da Zamudioko Udaletxean. Iaz, Nabarniztarren Berbakera. Lexikoa eta erabilera-adibideak lexikologia lana argitaratu zuen. Lagatzu euskara elkartearen kidea da eta AIKOR! aldizkariaren sorreran hartu zuen parte. Aldizkariko eta webguneko testuak zuzentzen ditu.