Omenaldia, Zamudioko bendejerei

Aikor aldizkaria 2017ko api. 4a, 13:23
a: Mari Carmen Noya

Nekazamudio elkarteak omenaldia eskaini zien herriko bendejerei, Udaleko babesarekin. Ekitaldia apirilaren 1ean egin zen Zamudioko eskola zaharrean eta bendejerez gain, lagunak, nekazariak eta udaleko ordezkariak batu ziren bertan. Zamudion antzina bendejera lan egiten zuten 34 emakume daude, baina gehienak oso nagusiak dira eta bakarrik 17k izan zuten omenaldira joateko aukera. Bendejerak baserritarrak izan ziren eta normalean barazkiak eta esnea saltzen zituzten, batez ere Bilbon. “Garai batean Txorierri izan zen Bilboko despentsarik handiena eta bendejerek herriko ekonomiaren sostengu nagusia izan ziren. Horregatik merezi dute omenaldia”, esan dute antolatzaileek.

 

Omenaldiari dagokionez, Agustin Landeta Nekazamudio elkartearen kideak aurkezpena egin zuen. Ostean, Toko herriko bertsolaria eta Hirubat dantza taldea aritu ziren. Era berean, Gabriel Etxebarriak bendejeren historiari buruzko hitzaldi txiki bat eman zuen. “Emakume horiek oso garrantzitsuak izan dira. Hasieran, astoz joaten ziren Bilbora euren produktuak saltzera; gero, trenez; eta 1970ean Zamudioko ekonomiaren ardatz nabarmena ziren”, esan digu Gabrielek. Igotz López Zamudioko alkateak ere hartu zuen parte ekitaldian eta horri bukaera emateko, lora-sorta bana eman zien bendejerei.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).