Bizikletak konpontzeko gunea ipini dute Lezaman

Jon Ander Aurrekoetxea, Lezamako alkatea; Jokin Batiz, kirol-zinegotzia; eta Jose Manuel Olano (Zorribikeko presidentea). 2022ko urt. 24a, 13:29

Bizikletak konpontzeko eta mantentze-lanak egiteko gunea ipini dira Lezaman, Hilario Astorki plazan hain zuzen ere. Horrela, eta azaldu dutenez, “mugikortasun jasangarriaren aldeko apustuari eusten” jarraitzen dute. Jokin Batiz kirol zinegotziaren esanetan, “2017an inauguratu zen bizikletak garbitzeko gunearekin batera, azpiegitura berriari esker, herriko eta inguruko herrietako zaleek zerbitzu integrala izango dute bizikletak egoera onean mantentzeko”.

Gunea edo BiziPuntoa margo urdinez seinaleztatuta dago eta, argibide grafikoez gainera, hurrengo tresna hauek ditu: bihurkinak, giltza ingelesa, giltza finkoak, allen giltzak, pneumatikoak puzteko eskuzko sistema eta bizikleta finkatzeko besoak. Gainera, QR kode bat erabilita badago tutorialak kontsultatzeko aukera.

Gunea Bizkaiko Foru Aldundiak atondu du. Lezamako Udalak esan duenez, erakunde biak elkarlanean aritu dira, udalaren asmoa izan baita herritarren eta zehazki Zorribike elkartearen eskaerei erantzutea. “Alde batetik, lezamarren proposamenak eta nahiak gauzatzen jarraitu nahi ditugu, eta bestetik, mugikortasun iraunkorra eta kirola egitea sustatu”, aipatu du Jon Ander Aurrekoetxea alkateak. “Txirrindularitza-kultura handia du Lezamak eta oso pozik gaude herritarrei zein gure herritik egunero bizikletaz pasatzen dutenei erraztasunak emateaz”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).