Merkatu ekologikoa egingo da hamabostean behin BANen

Aikor aldizkaria 2017ko api. 25a, 13:30

Txorierriko lehenengo sektoreari eta ekoizle txikiei bultzada ematea da Baserri Antzokiaren (BAN) helburuetariko bat. Horren haritik, eta apirilaren 20tik hasita, merkatu ekologikoa egingo da hamabostero bertan. 

Ekoizleek eurek azaldu diguten moduan, egitasmo honen bidez euren produktuak hurbilduko dizkiete txorierritarrei. “Guretzat Txorierri da merkatu naturala eta gure auzokideak guretzat inportanteena dira. Ze, produktu ekologikoak ekoiztu eta bezeroak ahalik eta hurbilen edukitzea sartzen da gure filosofiaren barruan, ahalik eta ekologikoenak izateko ez bakarrik produkzio mailan, baita horiek merkaturatzeko moduan ere”. Azoka BANen ipintzeak aukera ematen die euren produktuak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko langileei ere hurbiltzeko. “Ondo ateratzen bada, baliteke merkatua Parkean bertan ipintzea”.

Amaia Carpio (Lurgane), Angel Gómez (Ekoene) eta Martín Barriuso (Ekoganguren) harrapatu ditugu merkatu ekologikoaren lehenengo hitzorduan. Esandakoaren arabera, besteak beste ortuariak, arrautzak, pasta, marmeladak, landare aromatikoak eta ogia eramango dituzte merkatura, eta ekoizleek txandaka ipiniko dituzte postuak, euren beharrizanen arabera. Bizpahiru postu ipiniko dira.

Merkatu ekologikoa egiten den lehenengo aldia bada ere, eta Aste Santuko oporrak tartean egon diren arren, hirurak pozik azaldu dira egitasmoak eduki duen harrerarekin. Merkatua berriro zabalduko da maiatzaren 4an eta 18an, eta ekainaren 1ean, 15ean eta 29an, 12:30-15:30 bitartean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).