Garrasia Sondikako talde feminista lanean ibili da herriko puntu beltzak identifikatzeko. Talde feministak batzar irekira deitu zuen biharko, apirilak 4, lanaren emaitzak aztertzeko. Hala ere, gizarte-sareen bidez jakinarazi dutenez, batzarra dataz aldatu, eta apirilaren 26an egingo dute, 19:00etan, Sondikako txokoan. Batzar mistoa izango da eta hara edonor gerturatu daiteke. “Puntu beltzen inguruko informazioa emango dugu, eta inkestan ateratako kaleak eta guneak aztertuko ditugu elkarrekin”.
Oxangoiti Lezamako kultur elkarteak Azken Barikuak kontzertu-saila antolatzen du hilero. Apirilaren azken barikuan, hilak 26, Aimar izango da Oxangoitin, ekimenaren baitan, bere bakarkako lehen lana aurkezten. Aimar Dientes de Luna taldeko kidea izan da. Gernikarrak rock estiloko abesti intimoak batu ditu diskoan. Kontzertua 20:30ean hasiko da.
Bihar, apirilak 26, Stand up ikuskizuna izango da, 20:30ean, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Ikuskizunaren baitan, Odei Fernandezek, Asier K-k, Jokin Ansotegik eta Asier Galarzak bakarrizketa egingo dute. Sarrerak bost euro balio ditu eta gaztetxean bertan edo horibaigaztetxea@gmail.com helbide elektronikora idatzita erosi daiteke.
Lezamako Udalak, Moreak talde feministak eta berdintasun kontseiluak autodefentsa feminista tailerra antolatu dute apirilaren 27rako. Tailerra 16 urtetik gorako emakumeentzat da eta Kultur Aretoan egingo dute 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Izena ematea apirilaren 22ra arte egin daiteke 688 654 649 telefono-zenbakira deituta edo berdintasuna@txorierri.eus helbide elektronikora idatzita.
Euskal Herriko berbalagunek eta mintzalagunek hitzordua dute apirilaren 28an Erandion, aurten Mintza Eguna bertan ospatuko da eta. Izena ematea apirilaren 21era arte egin daiteke www.mintzalaguna.eus webgunean. Nolanahi ere, Txorierriko Berbalagun egitasmora jo daiteke informazio gehiagorako: berbalagun.txorierri@gmail.com eta 747 447 579.
Umeentzat Lanean Lezamako gurasoen elkarteak irteera antolatu du maiatzaren 1erako. Zehatz-mehatz, Calahorrara joango dira, Tierra Rapaz parkea ezagutzera. Azaldu dutenez, gehienez 59 lagunentzako tokia egongo da eta izena emateko azken eguna apirilaren 25ean izango da. Informazio gehiagorako jo daiteke lezamakogurasoak@gmail.com helbide elektronikora.
Loiuko Bakarrak gazte-elkarteak antolatuta, maiatzaren 4an ospatuko da Gazte Eguna Loiun. Aurreko edizioetan moduan, egun osoko egitaraua prestatu dute herriko zein inguruko gazteek ederto pasatu dezaten. Eguna hasteko, sormen-tailerra egingo dute 12:00etatik aurrera, eta 13:30ean triki-poteoa egongo da. Gazteen bazkaria 15:00etan izango da, eta bertan parte hartzeko, 686 256 854 telefono-zenbakira idatzi behar da. Menu beganoa nahi bada edo intolerantziarik izanez gero, hori ere zehaztu behar da. Sakatu elektrotxarangak Loiuko bazterrak girotuko ditu arratsaldean, eta kontzertuak 23:00etan hasiko dira: Nazka, Steady Rockets eta Amooma.
Silvia Palumbo Argentinako kantautoreak eta aktibista feministak zuzenduta, maiatzean danbor-banda feministaren tailerra egingo da Lezaman. Guztira hiru saio izango dira: maiatzaren 7an, 21ean eta 28an. Saioak Uribarri Topalekuan egingo dira 17:30etik 20:00etara. Maila ertaineko tailerra izango da eta izena ematea berdintasuna@txorierri.eus helbide elektronikora idatzita egin daiteke, edo 688 654 649 telefono-zenbakira deituta. Lezamako Udalak, Moreak talde feministak eta Berdintasun Kontseiluak antolatutako ekintza da.
Loiuko Udalak 500 Trail kirol-proba antolatu du lehen aldiz, maiatzaren 12rako. Proba 12 km-ko zirkuitu batean egingo da, eta parte-hartzaileek hura korrika zein oinez egin ahalko dute. Korrikalariak 09:30ean irtengo dira, eta ibiltariak, 09:40an; lehenek bi ordu eta erdi izango dituzte zirkuitoa egiteko, eta bigarrenek, hiru ordu eta erdi. Gainera, 09:45ean, bost km-ko txiki-martxa ere egongo da familientzat.