Udal hauteskundeak M26

Ane Abaunza Martinez, Derioko EH Bilduko alkategaia: “Herritarren parte hartzearekin Derio bizigarriagoa lortuko dugu, derioztarrok hobeto bizi gaitezen”

BABESTUTAKO EDUKIA 2019ko mai. 21a, 10:44

1969an jaio zen Gernikan, baina 25 urte darama Derion bizitzen. Biologia zientzietan lizentziatua da, eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea da  20 urtetik hona. Ez dauka esperientziarik erakundeetan; hala ere, bai herrigintzan. Euskara eta euskal kulturaren aldeko militantea da eta gaztetatik dabil herrigintzan militatzen. Bi semeren ama da, eta, senide bezala, dispertsio politikoa lehen eskutik ezagutzen du. Aurtengo hauteskundeei begira proposatu zitzaion Derion EH Bilduko alkategai izatea, eta ilusioz onartu zuen konpromiso berri honetan inplikatzea.

Zergatik onartu zenuen alkategai izatea? Zergatik eman duzu pausoa?

EH Bildun militante guztien konpromisoa da udalerako hautagaien zerrenda on bat egitea. Horregatik, guztion artean zabaldu zen zerrendan joateko aukera. Lan egiteko aukera eta konpromisoa genuenok baiezkoa eman genuen. Alkategai izatea edo herri ekimenetan lan egitea nire herriarekiko konpromisoa da, eta nire kideen babesa dudan bitartean ahalegin handiena egingo dut.

Zeintzuk dira hurrengo lau urteetarako erronka nagusiak?

Gure helburua da udalean benetako parte hartzea lortzea, aurrekontuetan, kulturan, jaietan… Era berean, udalaren kudeaketa gardenagoa izatea nahi dugu, eta orain arte agintariek izan duten lan egiteko modu autoritario eta argudio gabekoa desegitea.

Derio nabarmen hazi da azken urteotan, baina zerbitzu publikoak era berean hazi dira?

Aurreko legealdietatik dator gaia, eta eutsiezin bihurtzen ari da. Eskolan eta institutuan barrakoiak erabiltzeak gure seme-alaben hezkuntzaren kalitatea kaltetzen du. Eskolako beharrei aurre egin behar zaie albait arinen. Anbulatorioan ere lehen arretarako zerbitzu azkarragoa beharko genuke. Honelako adibideek argi uzten dute zerbitzu publikoak gehitu behar direla, eta ez etxebizitza gehiago eraiki: lehenago derioztarren beharrizanak aztertu behar dira. Adibidez, Nagusien Etxe berria eraiki beharrean, dagoena legeztatu eta gure herriko nagusien beharretara egokitu, edo gazteei espazioak eman autogestiorako. Enpresa eraikitzaileek erraztasun guztiak izan dituzte, baina herritarrek egindako hainbat eskaera, sinadura bilketa eta abarrei muzin egin zaie.

Zer neurri proposatzen du EH Bilduk Derion euskara biziberritzeko?

Batetik, euskaltegiaren araberako diskriminaziorik ez egotea, eta epe ertainean ikastea doakoa izatea; bestetik, Eusko Jaurlaritzaren gomendioei jarraituta, Deriok 5.000 biztanle baino gehiago duenez, euskara zerbitzu propioa izatea. Derioztarrek erantzun bikaina eman dute Euskaraldian, Berbalagunean… Orain erakundeek pareko erantzuna eman, eta euskararen erabilera lehentasun bihurtu behar dute.  

Hamalau pertsonako lan-taldea aurkeztu du EH Bilduk Derion. Zer nabarmenduko zenuke?

Taldea herrigintzan gabiltzan zazpi emakumek eta zazpi gizonek osatzen dugu, euskara, feminismoa, guraso elkarte eta abarretan ibilitakoak. Juan, Jatorra, M. Karmen, Txus eta Arantza zinegotzi ibili izan dira eta horrek esperientzia handia ematen digu. Baina gure taldea 14 horiek baino askoz gehiago da: aniztasun handikoa da, hainbat arlotako lagunek osatutakoa eta bakoitzak duen onena emateko prest gaude.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).