EHNE Bizkaia sindikatuak elikagai sintetikoak ekoiztea eta saltzea debekatzea eskatu die euskal erakundeei

Aikor aldizkaria 2023ko api. 3a, 11:49

EHNE Bizkaia sindikatuak kongresua egin zuen atzo, Derioko Baserri Antzokian. Biltzarra 12. aldiz egin da “gaurko iluntasunean biharko argitasuna bilatzeko ibilbideak” lelopean. Sindikatua elikagai sintetikoen kontra agertu zen eta horiek ekoiztea eta saltzea debekatzea eskatu zion euskal erakundeei.

Sindikatuaren esanetan, krisi sistemikoa dugu eta gizarte eredua aldatu behar da. “Inoiz baino premiazkoagoa da nekazaritza eta arrantza industrializatuaren paradigmatik sistema agroekologiko dibertsifikatuetara aldatzea. Italiako gobernuak haragi sintetikoaren ekoizpena eta salmenta debekatuko ditu. Posizio argi bat hartu du bere herrialdeko elikagaien sorkuntzaren harira eta gauza bera eskatzen diegu Hego Euskal Herriko erakundeei”, adierazi du sindikatuak prentsa-oharrean.

Neurri iraunkorrak hartu behar dira eta, horretarako, tokiko elikagaiak kontsumitzeak gora egin beharko luke. Hala ere, nekazaritza industrian ezarritako finantza interesek “laborategiko elikadura” proposatzen dute; eta erakundeek oniritzia eman diete. Horren adibideak egon badaude, sindikatuaren hitzetan: Europako behi esnearen abeltzaintza industrializatu handiena Caparroson (Nafarroa) dugu; eta Europako in vitro haragiaren lehenengo laborategia Donostian egingo dute. 2022ko azaroan, Donostiako Udalak baimena eman zion BioTech Foods enpresari laborategia eraikitzeko, baita euskal erakundeek dirulaguntza ere. BioTech Foods proiektuaren atzean JBS multinazional brasildarra dago, gaur egun munduko haragi proteinen ekoizle handiena.

“Nekazaritza eta elikadura sistema eraldatu behar da, agroekologian oinarritutako elikadura burujabetzarantz aurrera egiteko. Horrek biodibertsitatearen kontserbazioa eta lan baldintza duinetan oinarritutako elikagai jasangarria eta tokiko elikagaia ekoiztea bermatuko ditu. Era berean, elikagaiak ekoizteko eta banatzeko kate globalak birlokalizatu behar dira, ekoizleen eta kontsumitzailearen arteko hurbiltasun harremana bultzatzeko. Horrela, ingurune naturala eta populazio guneak orekatuta egongo dira”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).