Esku-hartze plastikoa egin da Derioko San Migel plazan

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 26a, 13:29

Jesús Jauregui pintoreak eta eskultoreak esku-hartze artistikoa eta plastikoa egin du Derioko San Migel plazan. Azaldu duenez, egitasmoa urbanismo taktikoa du oinarritzat. “Urbanismo mota jori asko erabiltzen da Hego Amerikan. Bere helburua da zoladurak ikuspuntu estetiko batetik erakargarri egitea eta herritarrek elkartzeko, jolasteko… erabili ditzatela bultatzea. San Migel plaza, zehazki, eraikinen arteko gunea da eta 3,5 metroko desnibela du goiko eta beheko aldeen artean. Leku iluna da eta hezetasuna du; gainera, baldintzatuta dago, San Migel jaiak bertan egiten direlako. Hori kontuan hartuta, plaza estetikoki atontzeko egitasmoa egin dugu”.

Jaureguik diseinu abstraktua egin du plazarako. “Zerrendek eta biribilek osatutako diseinua da. Elementu sinpleak dira, baina erritmoa ekartzen diote zoladurari. Derioko Udalak eskatuta, plazaren izena gehitu dugu, eta diseinuaren parte bihurtu”. Kolore gorria eta zuria erabili ditu diseinuan. “Ez nituen kolore asko erabili nahi, epe luzera nekagarriak direlako. Kolore bakarra edo bi kolore erabiltzen direnean, inpaktua handiagoa da epe luzera eta ez da hain nekagarria. Kolore zuriak argitasuna ekartzen du, eta gorriak, tenperatura bisuala”. Aipatu moduan, ibilgailuak ibiltzen dira San Migel plazan, eta horregatik asko zaindu da materialen kalitatea. “Irristatzeen eta lizunen kontrako materialak aukeratu dira, plazako alderdirik txarrenei erantzuna emateko”.

Egilearen esanetan, xedea izan da plazaren pertzepzio positiboa zabaltzea. “Batez ere eraikinetako bizilagunek ikusiko dute egindakoa. Nolanahi ere, jatorrizko diseinuan eserleku batzuk ere bazeuden, eta, San Migel jaiei begira, ipini eta kendu daitezkeen lorontzi handiak. Udalak elementu horiek jartzeko aukera aztertzen dabil”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).