EMAUS

Ezagutu PAI Bitartean zerbitzua

t: Juan Luis Ruiz, boluntarioa eta erabiltzaile ohia 2024ko mar. 12a, 11:00
a: EMAUS

Juan Luis Ruiz naiz, Emaús Gizarte Fundazioaren Bitartean programaren erabiltzaile ohia. Alta 2021. urtean eman zidaten, COVID-19ak eragindako pandemia amaituta, eta harrezkero boluntario nabil Derioko eguneko zentroan. Nire bizitza erabat aldatu da.

Lana nuen, familia, dirua..., baina drogazalea nintzen eta horrek eragina izan zuen nire bizitzaren arlo guztietan. Gozatzen nuen guztia galdu nuen, eta bai niretzat, bai nire senideentzat ezezaguna zen mundu batean sartu nintzen. Lana utzi nuen, eta nire toxikomaniaren ondorioz kalean gelditu nintzen. Dirurik gabe eta familiaren gaitzespena nuela, erabateko pobrezian murgildu nintzen. Hamar urtean bizi nintzen kalean, harik eta Bitartean programa ezagutu eta nire burua berriz aurkitu nuen arte. Programaren profesionalei esker, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta erdi-mailako gradu bat burutu ahal izan dut; gainera, hainbat ikastaro egin ditut nire heziketa osatzeko. Gaur egun, ez nago gizartetik kanpo egoteko arriskuan eta bizitza erabat independentea eta autonomoa dut: nire ekonomia, osasuna eta etxebizitza kudeatzen ditut. Ikaste-prozesu luze baten ondoren, kideak aholkatu ahal ditut kontsumoak nola gainditu, berriz gaixotzea nola ekidin, bizitza berria zerotik nola hasi… PAI Bitartean zerbitzua oso garrantzitsua izan da niretzat azken urteotan. Horregatik, alta jaso ostean erabaki nuen programaren partaide izaten jarraitzea eta eguneko zentroan antolatzen diren tailerretan parte hartzea. Hortaz, boluntario nabil hainbat ekintzatan: euskara-eskolak, osasuna, estimulazio kognitiboa, informatika, palak, gimnasia… Gainera, irratian ere hartzen dut parte, eta bertan elkarrizketatzen ditugu euren egitasmoa ezagutzera eman nahi duten fundazioak, elkarteak eta pertsonak. Era berean, data esanguratsuetan ekintzak egiten ditugu komunitatean eragiteko asmoz. Adibidez, Martxoaren 8ari lotutako eskumuturrekoak eta txapak banatzen ditugu; Gabonetan jostailuak batzen ditugu Kultur Birikan, beharrizana duten familiei emateko; eta irteera hezigarriak eta kulturalak egiten ditugu. Ikusten duzuenez, mugimendua dago zentroan eta adiskidetasuna da nagusi. Jendea oso atsegina da, eta gure onena ematen ahalegintzen gara, ikasten jarraitzeko eta aldi berean disfrutatzeko. Ez dut gehiagorik esateko. Espero dut aurreko lerroak baliagarriak izatea, zuek Emaús Gizarte Fundazioaren programa apur bat gehiago ezagutzeko. Edonola ere, beso zabalik hartuko zaituztegu, gu ezagutzera etorri nahi baduzue. Agur bero bat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).