Kutsaduraz ari gara

t: Erandioko Auzokoa Herrikoi Elkartea / a: Javier Mediavilla Ezquibela 2019ko mai. 30a, 10:28

Erandioko industriagune bat, Lutxana-Asua errepideko 13. zenbakian dagoena, infernu bihurtu da auzokoentzat: kalitate zalantzagarriko kea botatzen duten tximiniak, zarata eta txistu jasanezinak (ezta leihoak eta ateak itxita ere), partikulak airean, auzotarrak etxean egotera behartzen dituen oso kiratsa handia… Eta hori guztia egunero zein gauero! Gainera, industriagunea metro gutxira dago, besteak beste, Elexalde urbanizaziotik, haur-eskolatik, osasun-zentrotik eta umeen parketik.

Orain dela egun gutxi, Erandioko Udalak idazki bat bidali die  Erandiogoikoko auzokoei, eta horretan adierazi die zeintzuk diren udalak arazo honi dagokionez egin dituen urratsak. Era berean, gai honetan “eskuduntza gutxi” duela jakinarazi die, eta erantzukizuna Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak duela.

Auzotarrek zein Erandioko Auzokoa Herrikoi Elkarteak 2014. urteaz geroztik salatu dugu egoera udalean, eta 2018ko urritik hona Eusko Jaurlaritzan ere egin dugu, arazoa larriagotu egin da eta. Idazkiak bidali dizkiegu, sinadurak, argazkiak eta orto-argazkiak. Bideoak ere igorri dizkiegu, zeinetan auzoan eta inguruetan jasan behar dugun zarata entzuten baita.

Zazpi hilabetean auzokideek aurkeztutako salaketen ondorioz, eta kaltetuen batzordeak eta Auzokoa Herrikoi elkarteak amankomunean egindako lana dela eta, udalak agindu digu zarata neurtuko dutela. Neurketak haiek aukeratutako enpresa batek egingo ditu.

Baina baten batek uste du neurketa horiek egon daitekeen kutsadura-arazoa konponduko dutela? Inork hartuko du egoera jasanezin honi konponbidea emateko konpromisoa? Neurketen emaitzak edonolakoak direla ere, arazoak jarraitzen du. Konponbideak jada behar ditugu. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).