Asuako Makroaren inguruan uholdeen eragina minimizatzeko lanak hasi ditu Aldundiak

Aikor aldizkaria 2024ko ots. 9a, 10:32
a: rorozoa / Freepik

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, BI-735 errepidea berrantolatzeko lanak hasi ditu, Asuako Makroaren inguruan uholdeen eragina minimizatzeko. Zehatz-mehatz, Erandiogoikoko bidegurutzearen eta kamioiak merkataritza-gunera sartzeko adarren arteko sestra 500 metro goratuko da. Lanak direla-eta, astelehenetik, otsailak 12, maiatzaren erdialdera arte, esandako tartea trafikorako itxiko da bi noranzkoetan, egunez zein gauez. Lanek guztira bost hilabete eta erdi iraungo dute eta Aldundiak 1,8 miloi euroko inbertsioa egingo du.

Azaldu moduan, Erandiogoikoko bidegurutzearen eta kamioiak merkataritza-gunera sartzeko adarren arteko tartean zenbat betetze-lan egin beharko dira, eta, paraleloan doan errekastoari ez eragiteko, aurreikusi da bidearen plataforma murriztea. Horrela, Makroko sarbide nagusiko T erako elkargune kanalizatuarekin lotutako erdiko erreiak kenduko dira, eta biribilgune bihurtu. “Horrek konponbidea emango die merkataritza-gunera sartzeko mugimendu guztiei, eta ezkerretara biratzean gaur egun sortzen diren gurutzatzeak ekidingo ditu”, adierazi dute.

Lanek irauten duten bitartean, Enekuritik atondutako saihesbideak erabili beharko dituzte ibilgailuek, eta sarbide alternatiboak, Makroko bezeroek. Azken horiek maiatzaren erditik aurrera erabili ahalko dute gaur egungo sarbidea, bi noranzkoetan, baldin eta lanen aurreratze-mailak hori berriro irekitzea ahalbidetzen badute. Nolanahi ere, uztailean lanak guztiz amaitu arte, tarte horretan aglomeratze- eta bukatze-lanak egingo dira unean-unean, eta pasabide alternatiboa ipini beharko da. Bestalde, ordezko ibilbidea ezarri da Bizkaibuseko A2314 linearako, EHUko norabidean BI-737 errepidetik zirkulatuko dena.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).