Hamaikatxu ikusteko

Erabiltzailearen aurpegia t: Aitor Coteron, ikus-entzunezko ekoizle ekintzailea 2022ko mar. 2a, 08:49

Aspaldi honetan, 10 urteko lana eta ikasketea behar ez dauazan medikuntza gradua kalean oparitzen dabela emoten dau. Itzela da ikustea danok bilakatu garela mediku, erizain, neurologo, otorrinolaringologo, sendabelarretan aditu edota txaman.

Lehengo egunean, ditxosozko txertoa jartera joan nintzanean, ez dakit jentearen berbaldiak entzute hutsak lasaitu ninduan, beldurtu, edo Martera joateko gogoa ekarri eustan. Dagoaneko, jenteak badaki txerto bakotxaren konposaketea, eta osteko ondorio guztiak be oso ondo ezagutzen dabez. Hori gitxi izango balitz, gidatzeko baimenak baino ilusio handiagoa sortzen deutse COVID agiria euren izenagaz, polit-polit eta txukun-txukun, eskuartean izateak. Benetan, burutik jota dago gure gizartea.

Jaun-andreak, ni ez naz inoren bizitzan sartuko, baina, mesedez, nahiz eta botere handienetarako arkumeak eta astoak izan, ez daigun horren argi itxi . Eretxi asko entzun dodaz  COVIDaren inguruan eta danek daukie nire errespetu handia eta sakona, baina gertuko mediku zein osasun profesionalek zehatz-mehatz COVID dalakoa zer dan ez badakie, isilik egotea da onena. Danok daukagu ezjakinak sortzen dauen bildurra, danok daukaguz ezjakin horretan oinarritzen diran eretxiak eta danak dira errespetagarriak, baina arrantzaka hasi aurretik, pertsona helduen moduan pentsatu, arrazoitu eta, ostean, behar bada, egin.                                                                                                                                           

Gauza asko entzun doguz gai honen inguruan aspaldiko hilabeteetan eta, oraindik, beste gauza asko ikusiko doguz. Gai honek bestelako ondorio txar asko izan ditu gure bizitza pribatuan, gure kaleko harremanetan eta gure ingurutik harago doazen arloetan; esate baterako, gobernu eta politika internazionalean. Ez dakigunari buruz berba lar egin barik, saiek egiten daben moduan, zerutik behera begiratzen badogu, hobeto. COVIDak eragin asko izan ditu eta danek ez daukie osasunarekin harreman zuzena. Horixe da egin beharreko hausnarketea. Lehenengoa osasuna da, noski, baina zelan “antolatu” dabe gure etorkizuna? Gaurko eguna dagoaneko bukatu da, baina biharkoa eta etzikoa heltzear dagoz.

Arrantzarik ez. Hausnartu, pentsatu, erabagia hartu eta egin.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).