Piztiak bizi diren lekuan

Erabiltzailearen aurpegia Ana Apika 2017ko ots. 24a, 10:28
Ana Apika, aktorea

Egilea: Maurice Sendak

Argitaletxea: S.L. Kalandraka Editora

Liburutegietan dago irakurgai   

 

Maurice Sendak oso ipuin egile arrakastatsua izan zen. 2012 urtean utzi gintuen. Sendaken hainbat liburu ditugu eskura, bai gaztelaniaz, bai ingelesez: The Nutshell Li­brary, In the Night Kitchen, Higglety Pigglety Pop!, The Sign On Rosie's Door, Outside Over There, Kenny's Win­dow... 1963an Piztiak bizi diren lekuan album ilustratua argitaratu zuen. Hainbeste denbora pasatu arren, liburu horrek gure irudimena pizten jarraitzen du.

Maxek, liburuaren protagonistak, otso mozorroa janzten du eta bihurrikeriak egiten hasten da. Gurasoek logelara bidaltzen dute, bertan lasaitzera, baina logelan, lasaitu baino, bat-batean zerbait zoragarria gertatzen zaio: Max oihanean agertzen da, basapiztia izango balitz bezala.

Max piztiak edo munstroak bizi diren lekura heldu da eta bere eskutik beste mundu batean sartzen gara: ez dakigu han gertatzen diren gauzak benetakoak edota amestutakoak diren, baina abentura itzela biziko dugu irakurleok. Umeak zein helduak isil-isilik geldituko dira istorioak kontatzen duen abentura amaitzen denean: oraindik beste mundu batean gaude? Edo agian hementxe bertan ditugun munstroen aztarnak somatzen ditugu?

Gure umeekin irakurri nahi badugu sei urte gorakoentzat dela esango nuke, txikiagoek istorioan agertzen den denboraren jokua agian oso ondo ulertuko ez dutelako.

 

Aholkua

Herriko liburutegiaz gain, liburutegi handiagoak ere badaude, adibidez Alhondigako mediateka (honetan haur-txokoa ere badago), Bilbon. Liburu mordo bat dago bertan eta, gainera, zapatuetan eta igandeetan irekita dago gaueko 9:00ak arte. Herritik atera gabe ere badugu “liburutegien arteko mailegua” zerbitzua. Horrela, beste liburutegietan dagoen edozein liburu eska dezakegu herriko liburutegian eta, laster izango dugu bertan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).