Atera dezagun euskara konfinamendutik

Erabiltzailearen aurpegia t: Igor Elordui, euskara irakaslea eta kazetaria 2020ko aza. 4a, 08:42

Zauri asko eragin ditu pandemiak; eta ari da oraindinokarren eragiten. Zaurien artean latzenak, duda barik, zendutako senitarteek eta lagunek eragin dizkigute, eta gaixotu direnen gaineko kezka hilduratuak; baita ERTEek, kanporatzeek eta abarrek ere.

Baina badira bestelako zauri batzuk. Euskara da eriondo, kasu baterako. Konfinamendu-sasoian ume askok galdu egin zuten euskararekin izan zuten lotura bakarra (alegia, eskolakoa). Baita hemen, gure artean, ere; baita euren burua euskalduntzat duten hainbat etxetan ere. Eta egingo nuke konfinamenduaren ostean lehen baino euskara gutxiago entzuten dela gure plaza eta kaleetan, eta lehen euskaraz aritzen ziren ume-talde batzuk erdaraz aritzen direla orain olgetan. Kargu hartzen hasita, eskolan eta lagunekin euskaraz egiterik ez eta zenbat etxetan egin zuten gurasoek ahalegina umeekin, gutxi-asko, euskaraz berba egiteko? Edo ahalegina euskaraz irakur zezaten? Edo telebista euskaraz ikus zezaten? Baina badaude ardura handiagokoak.

Etxealdiko hiruhilabeteko hartan gure gobernuko ordezkariek eurek euskara desagerrarazi zuten sarri agerraldietatik, txostenetatik.... Lehendakariak berak, Lazkao Txikiren esaldi hura gomutan ("Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu, euskaraz ari garelakoan"), euskara ulergaitzan txiokatzen zuen zenbaitetan (eskerrak politikari emana den eta ez euskararen irakaskuntzari). Edo Teleberria, hortaz gaztelania, aukeratzen zuen jendaurrean zuzenean agertzeko, euskarazko Gaur Egunen kalterako.

Tira. Hori guztia gutxi ez, eta (ohiko) Durangoko Azoka barik, Ibilaldia barik, Korrika barik... geratu gara bolada baterako. Badakit gehiegikeria dela, agian, baina: kalean aditzen ez zen sasoian etxean gorde genuen euskara; kalea apurka-apurka hartzen baina etxetik irteten joan da azken hamarkadetan... eta nahikoa izan da hiruhilabeteko etxealdia etxea eta kalea, biak, galtzeko. Artean euskarak konfinatuta segitzen du. Metafora ona dakarkigu Euskaraldiak: txapa paparrean baina ahoa estalita.

Bada euskara bere konfinamendutik ateratzeko garaia. Euskaraldian, eta Euskaralditik harago. Zelan? Lazkao Txikiren beste bat: Hauxe galdetu omen zioten behin: “Hi, Joxe Migel, zer egin behar diagu euskararen alde?”. Eta berak erantzun: “Zer egingo diagu, ba? Hitz egin, motel, hitz egin!".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).