Bederatzi hilabete

Erabiltzailearen aurpegia t: Iñaki Atxutegi, kazetaria 2023ko urr. 10a, 11:54

Egonkortasuna aspergarria ei da. Garai dinamikoek beldurra edota ilusioa sortarazoten dabe. Giroan dago aldaketa politikoa etor leitekela gurera. Ala ez. Oso denbora laburrean hauteskunde bi izan dira gure artean eta Estatu mailako datuak nagusitu badira be, ezin da bistatik galdu gure artean be atentzioa erakarteko moduko zenbakiak emon izan dirala.

Garai dinamikoak dira honeek, zalantza barik. Ez dira gutxi kristalezko bola ganbaratik atara dabenak datorren urtean egin behar diran Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan zer gertatuko dan iragarteko. Edozelan be, hametik eta bederatzi hilabetetara zer paseko dan proiektatzea ariketa antzua dala pentsetan dot.

Ehun mila boto galdu eta gero (zenbakia ni bezain potoloa da) badago autokritikea serioa egin behar dauanik. Eta ez dau balio erantzukizunak etxetik kanpo bilatzen ibilteak. Are gutxiago arazoa aitatu egiten dauana egurtzeak. Goiko eta beheko mailatan hartutako erabakiek eta joerek balorazio sakona eta sendoa merezidu dabe. Aldaketa serioak eta begibistakoak ez badagoz ezingo jako joerari bueltea emon.

Bestalde, badagoz euren ordua iritsi dirala esaten dabenak. Aldaketa estetikoa begibistakoa da. Urteetan baltza izan dana koloretan agerten jaku orain. Baina egunen baten gaindituko dogun garaien oihartzunek lohituten dabe kolorintxutan eraikitako panpina. Kolore alaiak baino gehiago behar da sinisgarritasuna irabazteko. Seriotasunea arropearen kolorea baino sano konplexuagoa da.

Danon alde eta danon kontra zera jokatzen dau: uritarrak ez dira lehen bezain fidelak. Unez une erabagiten dau jenteak hauteskunde egunean zer egin. Gaur zuri, biher baltz, etzi ezebe. Halaxe gura dabelako. Kitto.

Bildurrak eraginda, ilusioak mugituta, gorrotoak astinduta, interesak ziztatuta joaten dira pertsonak hauteskunde mahaietara. Edo etxean geratzen dira. Askok egunean bertan erabagiten dabe zer egin edo zer ez egin. Egongo dira hilabete honeetan zehar eretxia aldatuko dabenak, batzuk behin baino gehiagotan. Egongo dira bidean nekatu egingo diranak eta beste batzuk (asko) nekatuta egongo dira daborduko. Baina horixe da demokraziaren indarra: pertsonek saritu edo zigortu egiten dogu. Egun hartan gu gara epaileak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).