Ez eta bai

Erabiltzailearen aurpegia t: Iñaki Eguskizaga, abokatu erretiradua 2022ko ots. 25a, 14:03

Lehen zin egin euskuen Rajoyren erreforma osoa indargetuko ebela. Gero osoa ez, baina alde kaltegarrienak bai. Azkenean horreetariko batzuk bakarrik izan dira; beste batzuk, aldiz, ez, adibidez: enpresaburuen malgutasuna, kaleratze-kolektiboetan langileak kanporatzeko edo, bakarrik aurreikuspen negatiboak –ez galerak– alegatuta, funtsezko lan baldintzak aldatzeko (soldata, lanaldia, ordutegia…).   

Atzerapausu horren atzetik honeek dagoz:  hemengo patronalaren eta  Europar Batasunaren jarrerea, eta gobernuaren erabagiak, besteak beste, CEOEren, CCOOren eta UGTren arteko akordioan ezer ez aldatu izana, patronalak ezarritako betoari amore emonez; izan be, gobernuak inbestiduran bere alde bozkatu eben alderdiakaz (EAJ, ERC, EH Bildu) negoziatu izan ezkero, lan-erreformari buruzko Errege Lege Dekretuaren emoiera besteren bat izango zan. 

Halandabe, erreforma honek baditu bere alde positiboak be. Horreetako bat da ultraktibitetea, hau da, hitzarmen baten indarraldia amaitzen danean, bertan jasotako eskubideak mantendu egiten dira; lehen, barriz, urtebete pasata hitzarmen barririk negoziatzen ez bazan, eskubide guztiak galtzeko arriskua egoan. Beste alde positibo bat da sektoreko hitzarmena enpresetako hitzarmenaren ganetik egotea: hori ondo etorriko jake langile askori, euren hitzarmenek baldintza txarragoak daukiezalako. Eta beste bat da kontratu batzuetan be langile finko izateko baldintzak hobetu egiten dirala.

Ez da panazea, batzuek iragartzen daben lez, baina lehenagokoa baino hobea bai. Horregaitik bozkatuko neukean bere alde.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).