Lurra, laua ala esferikoa?

Argi dago galdera inozoa dela, baina izatez harrigarria bada ere, pertsona batzuen iritziz, Lurra laua da. Azken urteetan, gero eta gehiago dira euren burua terraplanista izenarekin aurkezten dutenak; haietako batzuk, famadunak. Are gehiago, Lurra Lauaren Sozietatea existitzen da, eta, gainera, aurtengo martxoaren 2an eta 3an nazioarteko lehenengo bilera egin zuten Buenos Airesen. Terraplanisten ustez, Lurra disko bat da: erdian Ipar Poloa dago, eta diskoaren perimetroan, Hego Poloan, gainditu ezinezko horma izugarri bat. Badirudi datorren urtean Lurraren mugara heltzeko bidaia bat egingo dutela; barregarria. Oraindik ez dakit zelan azaldu dezaketen ordu berean Lurreko herrialde batzuetan eguna izatea eta beste batzuetan gaua: Lurra laua baldin bada, leku guztietan edo eguna edo gaua izan beharko litzatekeelako; baina lelokeriak esatea librea da. Argi dago teoria hau –hainbat erlijio bezala– sinesmena dela; eta ez zientzia. 

Terraplanistek esaten dute munduko gobernuak, Nazioarteko erakundeak, NASAk eta zientzialariak gezurretan dabiltzala, dena konspirazio bat dela. Gogoratu behar dugu hau ez dela konspirazio bakarra; badaude beste asko: klima-aldaketa gezurra da (Trump presidentearen esanetan, txinatarren konspirazioa da, amerikarren industriaren kontra); bakunak arriskutsuak dira; minbizia edo hiesa senda daitezke (nazioarteko laborategiek badituzte gaixotasun horien kontrako farmakoak, baina ez dituzte ematen, “negozioa” galduko litzatekeelako); eta gizakia ez da heldu Ilargira –beharbada, konspiraziorik ezagunena–. Kezkagarriena da konspirazio horiek defenditzen dituzten pertsonek gizartean duten eragina, bai entzute handikoak direlako (futbolariak, musikariak, telebistako aurkezleak…), bai botere izugarria dutelako; Trump, adibidez.

Gaur egun, Internetek eta sare sozialek gero eta eragin handiagoa dute gizartean, eta alde onak izateaz gain, alde txarrak ere badituzte. Hau da, ez da gauza bera pertsona arrunt batek gizakia Ilargira ez dela heldu Twiterren esatea, edo, adibidez, Casillasek, 2018ko uztailaren 23an tuit batean esan zuen moduan, jarraitzaile-kopuru askoz handiagoa izateaz gain sinesgarritasun handiagoa ere baduelako. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).