Gabon zaharretan: “azkenak atea itxi”; eskolan: azkenekoari eskerrik asko

Postmodernitateko zibilizazioak laster eta faster bizitzera kondenatu gaitu; iPhonek urtero belaunaldi berria sortzen digu; makina errobotizatuen musikara dantzatzen dugu. Lekutan geratu dira dilijentzia-karroak eta idi-uztarriak! 

Pikutara, txoritara, joana da presentea bakarrik dakienarekin etorkizunaz mintzatzea, eta zer esanik ez eternitateaz berba egitea.

Carpe diem esloganak dakarren estrespean bizi garenez -ahal den guztia eta guztiaz egoismoz gozatuz, eta auzolana zokoratuz-, badirudi pazientzia barik bizi garela, partidua amaitu baino lehen saria eskatuz. Baina txapela esku-pilotako partiduaren bukaeran ematen da, edo eskolako kalifikazioak kurtso amaieran. Begira, bestela, suspentsoz beteriko Patxo Borraskaren semeari. Eskolan azkena den arren, aita harro-harro agertzen da semearen alde. San Martinetako herri-bazkarian esan dio Miren erizainari:

-Zure semea, Miren, gure Martintxori esker dabil ondo eskolan.

-Zer dinok, Patxo? Hire mutila klasean azkenekoa dok-eta!

-Horrexegaitik, ba, Miren! Nire semea azkenekoa ez balitz, zeurea izango litzateke akabukoa; neure semeari esker ez da zurea ikasgelako txarrena.

Gabon zahar ere, urteko azken eguna da, zorionen eta zoritxarren helmuga. Gure etxeetan, “azkenak atea itxi” esaten da. Gabon zaharrak ere urtea zarratzen du, baina ate bat ixten denean, beste bat zabaltzen da -dio atsotitzak-. Horri esker, irekitzen den ate berriaren aurrean kantatuko da 2019an: “Aterik ate ohitura zaharra aurten berritzeko asmoz”. Horrela zaharra berrituz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).