Eraikuntza berria inoiz ez?

Txorierri institutua txabola artean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Goikoetxea 2019ko aza. 29a, 10:51

“Zer hintzen eta non hago!” Hala abesten dugu Benito Lertxundiren Oi Zuberoa kantan. Txorierri Institutua non hago? Orain 36 urte eder hintzen, horma zuri, teilatu gorri;  Gaizka Garitano Athleticeko entrenatzaileak eskerrak zuri; Miren Basaras unibertsitateko irakasleak eskerrak zuri, Sara Gandara kazetariak eskerrak zuri; Katalin Zarate, inline patinatzaile artistikoak, munduko txapeldun denak, eskerrak zuri.

Bilboko laugarren institutu legez abiatu hintzen, herritarren eskariz eta ekinez, administrazioaren pasibotasunaren aurrean. Orain, gailurretik lurrera jausi haiz, txabolaz inguratu haute. Jaurlaritzan orain 16 urte egiteko zen eraikuntza berriaz galdetuta, erantzuna: laster! Jadanik, erantzun kronikoa. Laster hori ezetzaren sinonimo berria, larria. Zer hintzen eta non hago!

Dozenaka dira neska-mutilak institututik igaro; ehunka gizartean lanean finkatu; milaka inguruan mugitu. Ordea, non dira ikasle ohiak, txorierritar eta bilbotar haiek? Zertan dira gaur Xabier Mauleonek Gasteizen emandako berba historikoak?: “Txorierrin ikastolarik ez duzuenez, euskarazko institutua eraikiko zaizue”. Hala bete zen hitza orduan. Orain, non dira berbako Mauleonen eta Makua Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren ondorengoak?

Larrabetzun hasi ginen institutuko irakasleon belaunaldia jubilatu gara. Gazteria berriaren txanda da orain. Ondo dakizue euskal kulturaren geroa zeuen orainetik etorriko dena. Eraikuntza berria berez egingo denik ez uste. Hamaikatxo bider entzun dut “niri bost”. Esan dezagun “niri ardura deust”.

Noiz arte Angel Serrano artzain gidaria, institutu-sortzaile ohorezkoa, bakar-ahaleginetan. Errepika dezagun Xabier Amuriza eta Oskorrigaz:

“Geure arima hiltzen uzteko

bezain odolgalduak ez gara!”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).