0 km-ko euskara da Txorierrikoa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Goikoetxea 2020ko ots. 25a, 11:40

0 km -zero kilometro- mota bat baino gehiago dago. Bada bat autoei dagokiena: 0 km-ko autoa erosiko dut, esaten da. Bada beste bat 0 km-ko produktuari dagokiona, hur-hurreko janariari.  Baita hirugarren 0 km-a ere, zeina erabili izan den abiapuntu legez, gune horretatik hasita herrialdeko kilometroak neurtzeko. Antza denez, 0 km honetatik sortua da esaldi hau: “Bide guztiek garamatzate Erromara”.

Guk gaurko artikuluan 0 km produktuak kontsumitzea eta Txorierriko euskara erkatuko ditugu. Bertoko txakolina aipatzen dugunean, kasurako, den-denok ulertzen dugu 0 km-ko edaria dela, bai parajekoa delako, bai urte-sasoi batekoa delako, baita ingurugiroa aintzat hartuta ekoiztu delako ere.

Bestalde, Txorierriko euskara 0 km-ko produktua da, ingurukoen artean berba egitekoa. Hementxe sortua, asagotik garraiatu behar izan ez dena; produktu naturala, osasungarria.

Kontua da, 0 km-tasunari eusteko, produkzioak eta kontsumoak bertokoak izan behar dutela. Horretan ditugu komediak. Sondikan erdaraz dabilena, 0 km-ren aurkakoa da, ez da ekologista. Berak ez du ekoizten, ez kontsumitzen Txorierriko euskararik, euskara geure produktua den arren.

Dena dela, euskaraz bizi dena noiz ari da 0 km-ko berbetan? Aipa ditzagun adibide batzuk: Paret horia konpontzen saiatu naiz, urrunagoko eredua da. Alderantziz, Horma beilegia konpontzen ahalegindu naiz, hurbil-hurbilekoa da; baita, Horma beilegia konponduten ahalegindu naz ere. Zergatik laga behar da ortua latzin eta soloa lantzar? Zergatik baztertu Txorierriko azaloreak, etxeko esamoldeak, lagunarteko hizkeraren gatza eta piperra?

Azken batean, ondo jatea da helburua, euskara osasuntsua erabiltzea, beti gogoan izanik, erdal orbelen artean bada ere, gure 0 km-ko euskarak gibelurdinak eta urretx gozo-gozoak ere badauzkala Txorierriko solo-basoetan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).