Elebitasun egonkorrik ez dago; Atlantiko eta Pazifikoko urak ez daude beti banatuta

Erabiltzailearen aurpegia t: Juan Luis Goikoetxea / a: Allan Watson (Pexels) 2022ko ots. 18a, 11:57

Baliteke Euskal Herriko biztanle askok uste izatea euskara eta erdara itsaso bi direla, Alaskako Golkoan elkarrekin topo egin arren nahasten ez direnak, beti kolore desberdinekin irauten dutenak.

Bruland ikerlariak erakutsi zigunez, ordea, Alaskako urak honenbeste egun edo aste garrenean batu eta nahasi egiten diren antzera, euskara erdararekin -gaztelera edo frantsesarekin- matxinbratu egin daiteke.

Horrexegatik da beharrezkoa murgiltzea, ze  elebitasuna ez denez iraunkorra, behar-beharrezko dira orekatze-neurriak. Bestela, hiztunik gutxien daukan berbeta, mugatuena, hau da, hizkuntza minorizatua desagertu egingo litzateke.

California-Santa Cruz unibertsitateko Itsas Zientzietako Bruland irakasleak dioskunaren arabera, glaziarretako urak ozeanokoekin nahasten dira, banatuta egon eta gero baturik. Ondorioz, dentsitate, tenperatura eta gazitasun desberdinek eragindako koloreak ere desagertu egiten dira.

Bestalde, batu aurreko egun edo asteetan, kolore desberdineko ur masa biak elkarren parean daude, ezker-eskuin. Hizkuntzetan, berriz, bata goian jartzen da eta bestea behean, alegia, gaztelera edo frantsesa direnean nagusi, elebitasuna baino diglosia soziala sortzen da, hegemonikoa goian dela. Hori gerta ez dadin, murgiltzea ezinbestekoa da, gogoan izan behar dugulako lurralde berean bizi diren hizkuntza bi ditugula bizirik, eta maila berean behar ditugula.

Elebitasun sozialera barik elebitasun indibidualera bagatoz, murgiltze linguistikoa da berbeta ikasteko tresnarik egokien eta azkarrena. Beraz, aholkurik eraginkorrena da bizitzea ikasten ari zaren hizkuntza horretan.

Murgiltzeaz ari garelarik, Txorierriko uretara bagatoz, ohar gaitezke nola erdararen itsasoan murgilduta bizi garen. Hala ere, eskatzen duguna da umeak euskaraz murgildu daitezen eskola, ikastola, ikastetxeetan. Berez, eman ditugu jadanik irakaskuntzako murgiltzerako arrazoiak. Ostera, ezer gutxi aipatu ohi da erakundeetako murgiltzeaz, udaletxeetako osoko bilkurak euskaraz eginik murgiltzeaz, elizetan mezaren bat euskara hutsean ospatzeaz. Hau da, adinekoak ere murgiltzeaz.

Badirudi erdararen itsasoan murgilduta ibilirik, euskaraz surfeatu baino ez dela egiten; euskal itsasoko uretan hotz garela, eta erdal ozeanoa bero bezain epel.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).